Gure Txokoak hutsera berdindu zuen, baina denboraldiko helburua lortu zuen, eta Beti Gazteko gizonezkoek porrota jaso zutenGipuzkoako Ligako eta Nafarroako Ligako talde guztiak martxan dira dagoeneko eta horietako batzuk, urteko lehen jardunaldiak jokatu zituzten azken asteburuan. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek, Baztanek eta Doneztebek garaipen bana eskuratu zuten. Gure Txokoak aldiz, hutsera berdindu zuen, baina denboraldiko helburu nagusia lortuta bukatu zuten azken jardunaldia. Azkenik, Beti Gazteko gizonezkoek porrota jaso zuten Zumaian.Gipuzkoako Ligako Ohorezko Erregional mailako Beti Gazterekin. Emakumeen kasuan, garaipena eskuratu zuten pasa den igandean Donostian, Intxaurdiren kontra. 1-2ko markagailua erdietsi zuten eta pozik zeuden lortutakoarekin, hain zuzen ere, bi hilabete ondotik ailegatu zelako garaipena. Horrez gain, lesionaturik zegoen Olaia Telletxea ere zelairatu zen eta taldearentzat hori garrantzitsua izan zela aipatu du Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak. Bertzalde, Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko gizonezkoek 2-1 galdu zuten pasa den larunbatean Zumaiako taldearen kontra. Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez, ez zuten joko txarra zelairatu lesakarrek, baina akats indibidual batzuen ondotik puntuak Zumaian utzi zituzten. Erregional mailako Gure Txokoak aldiz, denboraldiko helburuetako bat lortu zuen pasa den larunbatean etxeko zelaian. San Marcial taldearen kontra hutsera berdindu bazuen ere, bertze taldeen emaitzen laguntzaz, igoera fasea jokatzeko txartela eskuratu zuten beratarrek eta orain, atsedenaldi ttiki baten ondotik, denboraldiko azken helburuaren bila joanen dira. Ganix Zubieta entrenatzaileak erran duenez, Gorengo mailara igotzeko aukeren bila hain zuzen.Nafarroako Ligako Lehen maila autonomikoko Baztanek 2-1 irabazi zuen larunbatean Giltxaurdin, Injerto taldearen kontra. Atzetik hasi zuten neurketa baztandarrek, baina azken aldian erakutsi duten modu berean, markagailua iraultzeko eta partidua bereganatzeko gai izan ziren. Taldearen gaztetasuna azpimarratu du bertze behin Iban Romo entrenatzaileak eta jokalariek egindako lana goraipatzeko modukoa dela ere onartu du.Azkenik, Preferente mailako Doneztebek, erran bezala, 2-3 garaitu zuen Leitzako Aurrera pasa den igande arratsaldean. Leitzako zelaiaren baldintza kaskarrei aitzin eginda, aitzinetik jarri zen Doneztebe lehen zatian, nahiz eta banako berdinketarekin ailegatu ziren gero atsedenaldira. Bigarren zatian, bertze bi gol sartuta, partidua bereganatu zuten eta, bertze gol bat jaso bazuten ere, puntuak Doneztebera eraman zituzten. Joel Gil bigarren entrenatzaileak kontatu duenez, sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira orain doneztebarrak, igoera fasea jokatzeko eskubidea emanen dien postuetatik hurbil hain zuzen.
Osorik irakurri