TXINGUDI RUGBY TALDEKO EMAKUMEEK ETA GIZONEZKOEK GARAIPEN BANA ERDIETSI DUTE

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko urt. 22a, 13:17

Puntu garrantzitsuak batzen segitzen dute mugako taldeek eta oraingoan, Plaiaundin eskuratu zuten garaipenaTxingudi Rugby Klubeko bi senior taldeek urteko lehen jardunaldia jokatu zuten etxean, Plaiaundin, pasa den larunbatean. Biok Txingudik 29-14 irabazi zuen Neskak Loratzen taldearen kontra eta honekin, Euskadiko Txapelketa jokatzeko postuan sartu da, 26 punturekin guztira. Zaisa Txingudik ere, 13-10 irabazi zuen La Unicaren kontra eta hauek ere sailkapenean gora egin dute eta laugarren kokatu dira. Plaiaundiko zelaia ez zegoen bere egoera onenean pasa den larunbatean. Lokaztua eta hormatua zegoen goizean, baina horrek ez zuen ekidin etxeko taldeek indarrez zelairatzea eta garaipenak eskuratzea. Biok Txingudiri dagokionez, Neskak Loratzen talde bizkaitarra jaso zuten etxean eta 29-14ko markagailua erdietsi zuten, jardunaldiko puntuak poltsikoratuta. Mugako emakumeak sendo zelairatu ziren eta atsedenaldirako 19-0eko markagailua erdietsi zuten. Bigarren zatian, aurkaria tartea ttikitzen saiatu zen, eta errenta zertxobait murriztea lortu bazuen ere, ezin izan zuen txinguditarren indarra baretu. Horrela, 29-14ko emaitzarekin, puntuak Irunen gelditu ziren. Garaipen honekin, Euskadiko Txapelketa jokatzeko postuan sartu Asier Gonzalezek entrenatzen duen taldea, 26 punturekin guztira. Hiru astez atsedena izanen dute orain eta ondotik, lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute Bera Bera/Ordiziaren kontra. Zaisa Txingudik ere garaipena eskuratu zuen Plaiaundin, larunbat arratsaldean, Iruñeako La Unica B taldearen kontra. Puntuak batzen lehenak iruindarrak izan ziren eta markagailuan gibeletik segitu zuten etxekoek. Bigarren zatia 3-5eko emaitzarekin hasi zuten bi taldeek, baina hau iraultzeko gai izan zen Iñigo Camareroren taldea eta 10-5ekoa ipini zuen bere alde. La Unicak hamarnako berdinketa lortu zuen segidan, baina Adur Manterola azkeneko puntuak batzeko gai izan zen eta horrela, 13-10ekoa ezarri zuen mugakoen alde. Horrela, Zaisa Txingudik La Unicarekin sailkapenean zuen aldea murriztu du eta laugarren postuan kokatu da orain. Heldu den asteburuan atsedena izanen dute hauek ere eta otsaileko lehendabizikoan Arratiko Zekorren kontra jokatu beharko dute, Igorren, denboraldiko neurketa zailenetako bat izanen dena. (Argazkiak: Fermin Garaioa)

Osorik irakurri