Apirilaren 1etik 6ra ospatuko da aurten Euskal Herriko Itzulia2024ko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu da gaur eguerditan Irungo Udaletxean, hain zuzen ere, Irundik aterako delako aurtengo edizioa. Apirilaren 1etik 6ra ospatuko da eta, tartean ere, Ipar Euskal Herrira jauzia emanen du tropelak. Irunen eginen den lehen erlojupekoaren ondotik, Irundik Kanbora joanen da lasterketa bigarren etapan, eta Ezpeletatik Altsasura hirugarrenean. Berezia izanen da aurtengo EHko Itzulia, izan ere, 63. edizioa izanen bada ere, 100 urte beteko dira lehen aldiz antolatu zenetik. Urteurren honetan beraz, Irunen hasiko da lasterketa, lehen erlojupeko batekin. Juanma Garate irundarraren laguntzarekin osatu da lehen etapa hori eta 10 kilometrokoa izanen da, hiri barrenetik ospatuko dena osorik. Antolatzaileek erran dutenez, dagoeneko lehen kilometro horietan txirrindulariek denbora tarteak ireki ahal izanen dituzte euren artean.Bigarren etapa ere Irundik aterako da eta, Santiago zubia pasatuta, Lapurditik pasatuko da, Kanbon helmugaratu arte, 160 kilometroak osatzen. Hirugarren etapa berriz, Ezpeletan hasiko da eta Baztandik, Malerrekatik eta Leitzaldetik pasatu ondotik, Altsasun bukatuko da. Gure eskualdea utzita, laugarren etapa Etxarri-Aranatz-Legutio izanen da, bostgarrena Gasteiz-Amorebieta eta seigarrena eta azkena, pasa den urteko Eibar-Eibar.Guztira, tropelak 832 kilometro eginen ditu sei egun horietan eta 22 mendate igan (lehen mailako 4, bigarren mailako 5 eta hirugarren mailako 13). Antolatzaileek ez dute informazio ofizialik parte hartzearen inguruan, baina dagoeneko zenbait taldek euren egutegian sartu dute 2024ko Itzulia. Horregatik beragatik, aurreikusi daiteke munduko txirrindulari onenetakoak gure herrian izanen ditugula. Julian Eraso OCETAko lehendakariarekin eta Borja Olazabal Irungo kirol zinegotziarekin solastatu gara.
Osorik irakurri