Gure Txokoa izan zen porrota jaso zuen bakarra, Elgoibar B taldearen kontra 2-1 galdutaBaztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusi ia denek arrakastarekin bukatu dute asteburua. Gipuzkoako Ligan ari den Erregional mailako Gure Txokoa izan zen porrota jaso zuen bakarra. Igoera fasean, Elgoibar B bisitatzea egokitu zitzaien beratarrei eta irabazten hasi baziren ere, 2-1eko markagailuarekin galdu zuten azkenean. Hala ere, Ganix Zubieta entrenatzaileak adierazi zuenez, maila ona eman zuen taldeak eta berriz ere lidergotza lortzeko gai ikusten dute euren burua. Gipuzkoako Ligako bertze taldeek aldiz, garaipena eskuratu zuten asteburuan. Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko emakumeek 1-2 irabazi zuten Debagoiena Bailara taldearen kontra. Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu du ez zutela joko ona zelairatu eta alde horretatik, zapore gazi gozoarekin bukatu zutela neurketa. Edonola ere, hiru puntuak etxera bueltan ekarri zituzten. Klub eta maila bereko gizonezkoek ere Eibar B taldea garaitu zuten Mastegin, 3-1eko markagailuarekin. Galtzen hasi baziren ere, emaitza iraultzeko gai izan ziren eta Javier Escagüesek aipatu bezala, kontent bukatu zuten asteburua, urrezko hiru puntu batuta. Nafarroako Ligari dagokionez, Baztanek eta Doneztebek ere garaipen bana eskuratu zuten azken jardunaldian. Lehen maila autonomikoko Baztanek 5-1 garaitu zuen Aluvion taldea Giltxaurdin. Bolada txarrean heldu ziren baztandarrak, esperientzia duten jokalariak lesionaturik zituztela eta emaitzak kaskarrak bilduta. Hala ere, gai izan ziren bolada horri bukaera emateko eta sekulako emaitza eskuratzeko talde zail baten kontra. Iban Romo prestatzailea pozik agertu zen egindako lanarekin. Preferente mailako Doneztebek kazkenik, 0-2 irabazi zuen Infanzones taldearen kontra Obanosen. Hauek ere garaipena eskuratzeko helburua lortu zuten eta maila ona erakutsi zuten. Orain, heldu den asteburuan etxean gauza bera egin nahi dutela aipatu du Joel Gil bigarren entrenatzaileak.
Osorik irakurri