Bidasoak Puente Genil bisitatuko du ortzirale honetan, martxoaren lehenean, 20:00etanBidasoa Irunek ortzirale honetan, martxoaren 1ean, bisitatuko du Angel Ximenez Puente Genil taldea, 20:00etan, Plenitude ASOBAL Ligako hurrengo jardunaldia jokatzeko. Logroñori hamaika golengatik irabazi ondotik, Irungo taldea konfiantzarekin dagoela adierazi du Jacobo Cuetara entrenatzaileak, baita mentalizatuta ere. Emaitza onen boladarekin segitzea da Bidasoaren helburua heldu den partidurako ere. Jacobo Cuetara entrenatzaileak aipatu duenez, “jokoa hobetzea” eskatu zien jokalariei Logroñoren kontrako azkeneko neurketan eta jokalariek “ahoa itxi” ziotela ere onartu du. Pozik daude horiak egindako lanarekin eta orain, Puente Genilen kontrako norgehiagokan gauza bera egitea espero dute. Prestatzaileak jakinarazi du jokalariak prest daudela, “konfiantza dutela eta mentalizatuta daudela”. Hori ona bada ere, “konfiantza maila neurtu behar” dutela ere azpimarratu du Cuetarak, gainezka egin ez dezan. Bidaia luzea dute aitzinetik bidasotarrek, 12 ordukoa gutxi gora behera. Autobusean hainbertze ordu pasatzeak “neke fisiko eta mentala” suposatzen duela argitu du entrenatzaileak eta hori kontuan eduki behar dutela. Horrez gain, azken aldian entrenamendu lasaiagoak egiten ari da jokalarien fisikoa gehiegi ez kargatzeko. Izan ere, Cuetarak azaldu duenez, “denboraldiko bigarren zati honen hasieran aurkari zailak izan ditugu aitzinean eta garai garrantzitsua izan da sailkapeneko bigarren postua jokoan zegoelako”. Ortzirale honetako aurkaria ere zaila izanen dela argi dute Bidasoako jokalari eta teknikariek. Prestatzaileak aipatu du “Puente Genilen bertsiorik onena espero” dutela kantxan: “Gol guttien jaso dituen hirugarren taldea da Ligan, Barçaren eta gure gibeletik. Etxean gainera, aunitz estutzen du. Jaurtiketak egiteko gaitasun handia duen taldea da eta gu ongi defenditzeko gai izan behar gara, sendoak, eta 60 minutuz joko maila handiarekin kantxaratu”. Bi puntuak etxera bueltan ekartzeko, “momentu onak aprobetxatzea” izanen de gakoa, baita “azken minutuetara berdinduak ailegatzea” ere. Puente Genilen kontrako partidurako ia jokalari guztiak prest egonen dira. Hala ere, Dariel Garcia eta Rodrigo Salinas ezin izanen dira joan, baja seguruak izanen dira, eta Asier Iribar ere zalantza izanen da azken momentura arte.
Osorik irakurri