MARTXOAREN 17AN OSPATUKO DA IBARDINGO KRONOESKALADA

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mar. 6a, 11:37

Ibardinerako bizikletazko igoera izanen da martxoaren 17an, Urruñatik abiaturik. Urte luzaz presoen aldeko ekimena zena tarte batez antolatu gabe izan ondotik, Urruñako Herriko Etxeak hartu du antolakuntza aurten. Bi aukera izanen dira igoera egiteko: kronoeskalada lehia ezaguna edo aisialdirako igoera lasaiagoa.2007an presoen aldeko elkarte bat sortu zuten justuki lasterketa hau haien sustenguz antolatzeko. Gero Covid pandemia iritsi zenean bertan behera geratu behar izan zen, baina Urruñako herriko etxeak lasterketa antolatu eta baldintzak hobetzeko arrapostua egin du aurten. Rafu Ruiz de Alda kirol hautetsiak aipatu digunez, 2007an hasi zen lasterketa honen historia. «Nik neuk parte hartu nuen Alpesetako lasterketa batean, eta erran nion nire buruari halako zerbait antolatu behar zela, non eta Ibardinen», gogoratzen du. Halere, aipatu bezala pandemiaren ondorioak pairatu zituen ekimen honek, baina orain Rafu Urruñako kirol hautetsi dela, udal antolakuntza izanen du. «Lortu dugu bideak ixtea ordu batez, beraz txirrindulariek ez dute beldurrik izan behar bidean», azpimarratzen du Ruiz de Aldak. Hitzordua martxoaren 17an goizeko 8:00ean emana dute, Urruñako Osasuna farmazia dagoen lekutik abiatuta, eta Urruñako landa eremura joko du lasterketak, gero Ibardinetik eta Elizalde benta arte igoko da. Berako Udalarekin ere hartu-emanetan ari dira, beraz «mugazgaindiko» lasterketa dela nabarmendu du hautetsiak.Gainera bi aukera izanen dira igoera egiteko: kronoeskalada ezaguna, lehiakorra beraz, edo aisialdirako igoera lasaiagoa. Izena emateko www.pb-organisation.com webgunera jotzea bertzerik ez duzue.

Osorik irakurri