BETI GAZTEKO GIZONEZKOEK, GURE TXOKOAK ETA BAZTANEK IRABAZI DUTE ASTEBURUAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mar. 12a, 12:02

Beti Gazteko emakumeak eta Doneztebe aldiz, punturik batu gabe gelditu diraBaztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusiek bertze asteburu arrakastatsu bat jokatu dute. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek, Gure Txokoak Erregionalek eta Lehen Maila Autonomikoko Baztanek hiru puntuak osorik batu dituzte euren sailkapenetara. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek eta Preferente mailako Doneztebek berriz, porrot bana jaso dute. Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 2-0 galdu zuten pasa den larunbatean Tolosa B taldearen kontra. Zaila izanen zela bazekiten lesakarrek, denboraldiko lehen itzulian elkarren kontra jokatutako neurketan gertatu zena jakinda. Hala ere, Beti Gaztek bere jokoa erakutsi zuen eta golik sartu ez bazuen ere, lehiakor azaldu zen tolosarren zelaian, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak kontatu duenez.Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, 2-1 garaitu zuten Mastegin Elgoibar taldea. Dinamika onean zetorren aurkaria, hilabete oso batez porrotik jaso gabe, baina lesakarrak beldurrik gabe atera ziren etxeko zelaira eta euren indarra erakutsi zuten, hiru puntuak ere poltsikoratuz. Javier Escagües entrenatzaileak kontatu du nola joan zen partidua. Erregional mailako Gure Txokoak ere sekulako garaipena eskuratu zuen asteburuan, Sanpedrotarra B taldearen kontra. 1-7ko markagailua erdietsi zuten beratarrek eta hiru puntuak poltsikoratuta, sailkapeneko liderrak dira momentu honetan, 12 punturekin, bigarren postuan dagoen Lazkaorekin berdinduta. Ganix Zubieta entrenatzaileak aipatu du talde hori bera, Lazkao, izanen dela beratarren heldu den asteburuko aurkaria.Nafarroako Ligari dagokionez, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek hirugarren garaipena segidan lortu zuen pasa den larunbatean etxean, Giltxaurdiko zelaian. 1-0 irabazi zion Azkoien taldeari eta Iban Romo prestatzaileak konfiantzarekin ikusten ditu orain bere jokalariak. Bi aurkari gogor izanen dituzte aitzinean heldu diren bi asteburuetan, sailkapeneko liderra eta hirugarren postuan dagoen taldea, eta beraz, baztandarrek euren indar guztia zelairatu nahi dute euren kontra lan ona egiteko.Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ezin izan zuen punturik batu asteburuko jardunaldian. Valle de Egües B taldea bisitatu zuten doneztebarrek eta bertako zelaian 1-0 galdu zuten. Saiatu baziren ere, ezin izan zuten golik sartu eta punturik batu gabe bueltatu ziren etxera. Joel Gil bigarren entrenatzaileak aipatu duenez, lanean segituko du orain taldeak heldu den asteburuan etxean garaipena eskuratzeko helburu garbiarekin.

Osorik irakurri