Jorge Garcia Bidasoa Itzuliaren zuzendari teknikoak xehatu du nola izanen diren aurtengo hiru etapakApirilaren 26tik 28ra ospatuko da 2024ko Bidasoa Itzulia. 50. edizioa izanen da aurtengoa eta Jorge Garcia lasterketaren zuzendari teknikoak azaldu duenez, bigarren urtez segidan berritasunekin dator txirrindulari handiek irabazi duten proba hau. Pasa den urteko gogortasuna alde batera utzi gabe, aurten ibilbide luzeagoak proposatu ditu Bidasoa Itzuliak. Lehen etapa Irungo Urdanibia Plazatik hasiko da eta Nafarroarako bidea hartuko du. Beratik pasatu eta Baztan eta Malerreka bisitatuko ditu, tartean Amaiur zeharkatuko du, Euskal Herriaren historiari keinua eginez. Ondotik, Bortzirietara joanen da tropela, Piedadeko gaina bi aldiz gaindituta, eta Ibardingo lepoan bukatu, Elizaldeko bentan hain zuzen ere. Bigarren etapa berriz, Hendaian izanen du irteera. Garciak adierazi duenez, “klasikoena” izanen da hau. Berriz ere, Baztan bisitatuko du bigarren egun horretan eta bueltan, Gaintxurizketa eta Jaizkibel igoko dute txirrindulariek, Hondarribiako Kale Nagusian bukatu baino lehen. Hirugarren eta azken etapa, Irungo Zabalza Enparantzan hasiko da, urteroko moduan. Hala ere, berritasunak egonen dira azken txanpa honetan. Orain arte hirugarren etapa hau, gogorra bazen ere, motza zela iritzi zioten batzuk eta beraz, aurten pixka bat luzatzea erabaki dute. 99 kilometro izanen ditu guztira, eta Hondarribiarako bidea hartuko du segidan. Higerreko bidea hartuta, Guadalupera igoko da tropela, Jaizkibeletik jeitsi eta Arkalera joanen da. Hortik, ibilbide klasikoa hartuko dute txirrindulariek: Aritxulegi, Agiña, Bera, San Martzial eta Erlaitz. Azken mendate hau, betiko moduan, erabakigarria izanen da Kolon Pasealekuan besoak norrek altxatuko ote dituen jakiteko. Ibilbidea errepasatuta, Jorge Garciak berak aipatu du “honekin zeozer” erran nahi izan dutela eta keinua egin nahi izan diotela Bidasoako historiari, hainbat leku erranguratsu zeharkatuta. Kontuan hartuta, gainera, tropelean txirrindulari bidasotar gehiago izanen direla aurten, azken urteetan bertako harrobia hazten ari denaren seinale, tartean Finisher taldeko Haimar Etxeberria, Iñaki Ordoki eta Ugaitz Otxandorena, Telcomeko Mikel Lizasoain edota Eibar Txirrindularitza Taldeko Mikel Irigoien, Haritz Sein eta Jon Morillo. Taldeak eta txirrindulariak guztiz konfirmatu gabe badaude oraindik, bidasotarrak bertan izanen direla ziurtatu diete antolatzaileei.
Osorik irakurri