REAL UNIONEK EZ ZUEN PUNTURIK ATERA SANSEREN KONTRAKO DERBIAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mar. 18a, 12:48

Irabazten hasi bazen ere, donostiarrak sendo ibili ziren eta markagailua irauli zuten bukaerarakoReal Unionek ezin izan zuen Sanse garaitu Galen jokatu zuten Gipuzkoako derbian. Txuribeltzak irabazten hasi baziren ere, Ivan Perezek sartutako gol bati esker, Ekain Azkunek bertze hiru sartu zituen eta talde donostiarrak markagailua irauli eta bere alde jarri zuen partidu bukaerarako. Horrela, hiru puntuak Donostiara joan ziren eta Real Union beharretan gelditu da bertze asteburu batez. Lehen zatian itxaropentsu hasi zen jokoan Real Union. Are gehiago, lehen gola sartu ondotik. 25. minutuan, Alainek jaurtiketa egin eta Ivan Perezek errematatu zuen sare barruan. 1-0eko markagailua ezarrita, hiru puntuak poltsikoratzea posible zela sinetsita zegoen Iñigo Idiakezen taldea. Edonola ere, Sansek ez zuen amore eman nahi eta beraiek ere garaipena eskuratu nahi zuten. Horrela, saiatzen segitu zuten eta atsedenaldira bidean, berdinketaren gola lortu zuten donostiarrek. Ekain Azkunek buruz sartu zuen bere taldearen lehen gola eta markagailua berdindu egin zuen. Bigarren zatian, talde txuribeltza ongi zelairatu zen, berriz ere emaitzari buelta emateko helburuarekin. Hala ere, saiakerek ez zuten fruiturik eman eta Sansek ordea, ongi aprobetxatu zituen aurkariaren akatsak markagailua bere alde sartzeko. 57. minutuan, irundarrek gaizki defendatu zuten hegaleko sake bat eta orduan, Azkune agertu zen berriz ere eta 1-2koa ezarri zuen beraien alde. Hori gutti balitz, 66. minutuan, etxekoek bertze akats bat egin ondotik, Azkune izan zen protagonista hirugarren aldiz eta hirugarren gola ere berak sartu zuen, 1-3ko emaitza ezarriz behin-betiko. Punturik batu gabe gelditu zen horrela Real Union eta orain bai, beharretan dago talde txuribeltza. Hori egiteko hurrengo aukera heldu den larunbateko, martxoaren 23ko, neurketa izanen da. SD Logroñones bisitatuko du orduan Idiakezek taldea, 16:00etan. (Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)

Osorik irakurri