Bidasoa Irunek Viveros Herol BM Nava taldea bisitatuko du larunbatean 21:00etanBidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligari segida emanen dio asteburu honetan, atsedenaldi ttikiaren ondotik. Oraingo honetan, Nava de la Asuncionera joan beharko da Irungo taldea, bertako Viveros Herol BM Nava taldearen kontra lehiatzeko. Hitzordua larunbatean izanen da, martxoaren 23an, 21:00etan. “Neurketari aitzin egiteko gogoz gaude”, aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan Jacobo Cuetara entrenatzaileak. Nava taldearen kontrako partiduaren atarikoan erran du larunbateko neurketa “aukera berri bat” dela Bidasoarentzat eta “garaipen garrantzitsua” ere izan daitekeela bertan lortzen ahal dutena Plenitude ASOBAL Ligako sailkapeneko bigarren postua mantentzeko. Hain zuzen ere, Europako Txapelketara sailkatzeko txartela emanen dio Bidasoari Ligako txapeldunordea izateak eta horretarako gakoa euren burutan pentsatzea izanen dela argi du Cuetarak: “Granollers erritmo onean dago, bigarren itzulian ez du partidurik galdu. Hala ere, aunitz falta da oraindik eta edozer gauza gerta daiteke. Guk gurengan pentsatu behar dugu, ahalik eta puntu gehien irabaztean eta gure erritmoa jartzean”. Larunbatean garaipena eskuratzea ez da hain erraza izanen. Nava izanen du Bidasoak aitzinean, “ongi jokatzen ari den taldea”. Entrenatzaileak gaineratu duenez, “talde oso fisikoa du Navak, are gehiago azken aldian Gedeon Guardiolaren fitxaketarekin. Goian dagoen taldea da”.Nava gainditzeko gakoa zein izanen den ere argitu du Cuetarak: “Gugan pentsatu behar dugu, aurreko jardunaldietako dinamika onean. Sendoak izan behar gara, defentsan ongi ibili eta konstante izan 60 minutuetan zehar”. Horrez gain, eurengan “konfiantza” edukitzea ere garrantzitsua izanen da, baita “erregularrak” izatea ere. Prestatzaileak oroitarazi duen moduan, azken hau da Bidasoaren “identitatearen parte” eta horrekin, seguru dira gai izanen direla puntuak ateratzeko. (Argazkia: Arrate Morales)
Osorik irakurri