Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du Las Gaunas zelaian bihar, martxoaren 23an, 16:00etanReal Unionek SD Logroñes bisitatuko du larunbat honetan, martxoaren 23an, Las Gaunas zelaian. Talde txuribeltzak 16:00etan izanen du denboraldiko azken txanpa honetako hitzordu erabakigarrietako bat. Garaipena du helburu nagusia eta hori lortzeko prest dagoela adierazi du taldeak. “Gogorra”. Horrela definitu du biharko neurketa Iñigo Idiakez Real Uniongo entrenatzaileak. “Egiten ari garenaren ardura osoa daukagu”, gaineratu du. Izan ere, “bizi nahi ez dugun egoeran egotea” egokitu zaio talde txuribeltzari. Urtarrila bukaeratik ez du garaipenik lortzen eta, oraindik arriskuan ez badago ere, lehen bait lehen puntuak batzen hastea komeni zaio taldeari.SD Logroñes izanen da bere hurrengo aurkaria, “luzea den zelai batean”. Las Gaunasen “non jokatu eta jokoaren egoerak nola kudeatu” jakin behar dela adierazi du Idiakezek. Horretarako, bere taldea prest dagoela ere jakinarazi du: “Egin beharreko guztia prestatu dugu eta horrekin aterako gara zelaira. Ongi entrenatu dugu, irabazteko gogoz gaude, egin nahi dugunaren idea garbi daukagu eta egoerari buelta eman nahi diogu”. Idiakezek jokalari ia guztiak sartu ditu biharko deialdian, Victor Eimil eta Tommy O´Reilly kenduta: “Eimil ez da etorriko deialdian ez dagoelako eta Tommy lesionatuta dago”. Bertze guztiak autobusean bidaiatuko dute Logroñora: “Denak etorriko dira eta hori garrantzitsua izanen da, egoera zailetan denok hor egotea inportantea delako”. Hiru puntuak irabazteko “kontzientziatuta” daudela aipatu du prestatzaileak, eta bere plantillaz harro dagoela: “Ongi ikusten ditut. Lan ona egiten dute, ongi entrenatzen ari dira eta prestaketetan gaudenean erraten dudanari adi egoten dira. Idiakez ez dago “taldearekin kezkatuta, baizik eta egoerarekin”. Entrenatzaileak ziur dago biharko partidua aitzinera ateratzeko behar den guztia dutela.
Osorik irakurri