200 errugbilari gazte bilduko dira Plaiaundin apirilaren 6an bigarren aldiz ospatuko den eskolarteko txapelketanTxingudi Rugby Klubak bigarrenez antolatu du aurten Biok Experiential Shopping Txingudi Badia nazioarteko errugbi eskolen topaketa. 200 bat errugbilari gazte hurbilduko dira Plaiaundira larunbat honetan, apirilaren 6an, hainbat tokitik etorrita: Baztan Menditarrak (Nafarroa), Arrasate, Soragazteak (Gipuzkoa), Sarako Izarra, Emak Hor Arrangoitze-Basusarri (Lapurdi), RC Rioja (Errioxa), RGC Covadonga (Asturias) eta Rugby Unión Norte (Kantabria). Goizeko 10:00etan hasiko dira partidak eta arratsaldean luzatuko da besta Irungo erdigunean. Iñigo Aizpurua eta Xabi Sánchez Irungo klubeko eskolari arduradunek azpimarratu dutenez “txapelketa hau berriz ospatzea gure eskolaren osasun onaren adierazgarria da. Pasa den urteko topaketak ekarpen handiak izan zituen guretzako eta ildo beretik jarraitu nahi dugu, ekitaldi hau gero eta handiagoa eginez pixkanaka”.Partidek bederatzi minutuko iraupena izanen dute, talde guztiek denen kontra jokatuko dute eta sariak ere egonen dira partaide guztientzat, txapelketa ez baita leihakorra izanen. Aizpuruaren hitzetan “jokalariek, entrenatzaile, epaile edo gurasoek errugbiaren beste errealitateen inguruan ikasteko balio digute horrelako topaketek, partidak irabazi ala galdu ez da garrantzitsua”.Guztira, 400 lagun inguru biltzea aurreikusten dute antolakuntzatik, eta horregatik beragatik, goiz osoan zehar Oiasso txarangak ekitaldia girotuko du, haur txoko bat egonen da txikienentzako eta taberna eta merchandising puntuak ere irekita egonen dira. Aurten, Biok markak izena ematen dio txapelketari, baina ez da babesle bakarra izanen, Artiach, Lacturale eta Pasquier Recondok ere parte hartzen baitute ekitaldian.Arratsaldean, Irun Rugby EgunaBazkalostean, besta erdigunera mugituko dute. Marrubi goxoki-dendaren aitzinean, Luis Marianon, hasiko dute Kale Nagusirantz abiatuko den kalejira 17:00etan. Elkartetik gonbidapena zabaldu nahi dute baloi obalaren kirolaren inguruan antolatutako ekimen honetara.(Argazkia: Txingudi RC)
Osorik irakurri