Roglic, Vingegaard eta Evenepoel hiru faboritoek Itzulia utzi behar izan zuten eroriko baten ondoriozEuskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa ezbeharrek markatutako izan zen. Etxarri Aranatzen hasi eta Legutiora joan zen ibilbidea, 159 kilometro osatuz guztira. Tartean eroriko larri bat egon zen tropel nagusian eta bertan nahasiak egon ziren lasterketa irabazteko faboritoak, bertze hainbertze txirrindulariren artean: Primoz Roglic, Jonas Vingegaard eta Remco Evenepoel. Hiruak Itzulia utzi behar izan zuten honen ondorioz. Antolakuntzak lasterketa neutralizatu zuen eta ihesaldian zeudenen artean erabaki zen etaparen garaipena, nahiz eta denborak ez ziren kontuan hartu sailkapen orokorrerako. Louis Meintjes (IWA) izan zen Legution irabazi zuena, eta Mattias Skjelmose (LDT) da horiz jantzi dena. Eguneko ihesaldia etapa hasi eta kilometro guttira osatu zen, hamabigarrenean hain zuzen ere. Sei txirrindulari sartu ziren bertan: Reuben Thompson (GFC), Louis Meintjes (IWA), Mathieu Burgaudeau (TEN), Mikel Retegi (EKP), Joseba Lopez (CJR) eta Karel Vacek (BBH). Enekoitz Azparren (EUS) lasterketa burua harrapatzen saiatu zen, baina azkenean tropelak xurgatu zuen. Sei minutuko aldea hartu zuen ihesaldiak eta helmugarako 60 kilometro falta zirenean, tropel nagusia lanean hasi da, erritmoa bizituz eta sailkapen orokorrerako faboritoak ezustean harrapatzeko asmoz. Hala ere, taldea haustea lortu zuten bakarrik eta faboritoek aitzineko aldean kokatzea. Lasterketa buruak ordurako, 3´50´´ minutura jeitsi zuen bere errenta. Azken hiru mendateak falta zirenean, tropel nagusiak iheslariak harrapatzeko asmoarekin segitu zuen lanean eta lasterketa buruan zeuden txirrindulari batzuk ere gibelean gelditu ziren, mendiko puntuak irabazteko asmoz, ihesaldiak ezarritako erritmoa bizitu zelako. Olaetatik jeisten ari zirenean ordea, helmugatik 32 kilometrora, eroriko larria gertatu zen bihurgune batean. Hainbat txirrindulariren artean, sailkapen orokorrerako faboritoak ere bertan nahasiak egon ziren, hala nola, Primoz Roglic, Jonas Vingegaard eta Remco Evenepoel. Istripua eduki zuten txirrindulari aunitzek lurretik ezin altxa egon ziren eta mediku zerbitzuek ezin izan zituzten denak aldi berean artatu. Horregatik beragatik, antolakuntzak lasterketa gelditzea erabaki zuen, baita Untzillako mendatea ez igatea ere. Horrela, lasterketan segitu zuten txirrindulariek neutralizatuta joan ziren Aretxabaletaraino eta bertan izan ziren medikuen zain. Azkenik, UCIko komisarioek, txirrindulariek eta antolatzaileek etapa modu neutralizatuan bukatzea erabaki zuten eta eguneko garaipena ihesaldian sartuta zeuden sei txirrindulariren artean banatzea, nahiz eta denborak ez ziren kontuan hartuko sailkapen orokorrerako. Etapako azken kilometroak desberdinak izan ziren beraz, baita latzak ere, erori ziren txirrindulari horiengatik kezka handia zegoelako tropelean. Azkenik, Louis Meintjes izan zen Legutioko helmugan besoak altxatu zituena, nahiz eta berak ondoko prentsaurrekoan aipatu bezala, ez izan esperotako garaipena. Roglicek ere Itzulia utzi behar izan zuenez, Mattias Skjelmose da lider berria. Azken aurreko etapa Gasteiztik AmorebietaraErori zirenen artean, txirrindulari aunitzen utzi behar izan dute. Primoz Roglicek kolpeak bertzerik ez ditu, baina bertze bi faboritoak hausturak sufritu dituzte erorikoaren ondorioz. Vingegaardek eta Evenepoelek lepauztaia hautsi dute, baita zenbait sahiets-hezur ere. Hiru horiek gabe ekingo diote gaur bostgarrena eta azken aurreko etapari. Gasteiztik Amorebietara joanen da tropela eta, 175,9 kilometro osatuko dituzte guztira. Tartean, lehen mailako Urkiola eta hirugarren mailako Muniketako gaina igoko du tropelak. Azken hau bi aldiz gainera. (Argazkia: Sprint Cycling)Hemen Txirrindulariak webguneak egindako atzoko etaparen bideo-laburpena:
Osorik irakurri