Bidasoak Granollers bisitatuko du asteburu honetan, momentu honetan bere aurkari nagusia denaBidasoak Anaitasuna nagusitasunez garaitu ondotik, Granollersen kontrako partiduari egin beharko dio aitzin. Igandean ospatuko da neurketa hau, apirilaren 7an, 13:00etan. Denboraldiko lehen itzulian norgehiagoka bakarrean galdu zituen puntu guztiak Irungo taldeak eta hori Granollersen kontrakoan izan zen. Hortik ikasi, akatsak zuzendu eta garaipena eskuratzeko helburu garbia du orain Jacobo Cuetararen taldeak. “Denboraldi honetako partidurik handienetako bat izanen dugu”, adierazi du gaur goizeko prentsaurrekoan Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileak. Bidasoak Granollers bisitatuko du igande honetan, bi aurkari zuzenen arteko neurketa ikusgarria hain zuzen. “Zaila eta berdindua” izanen dela ere aitzindu du prestatzaileak eta “detaile ttikietan” erabakiko dena zeinen alde gelditzen den markagailua. Granollers “bigarren itzuliko talde onenetarikoa” izaten ari dela ere jakinarazi du Cuetarak: “Bigarren itzulian bere aldeko egutegia zuela bagenekien, eta sailkapenean guregana hurbilduko zela. Garrantzitsua zen partidu honetara errentarekin ailegatzea eta lortu dugu. Orain partidua irabazten saiatu behar gara”. Kataluniarrak eskubaloian “ongi” aritzen direla ere onartu du entrenatzaileak, eta beti sailkapeneko goiko aldean egon dena. “Azken urteetan gure aurkaririk zailena izan da”, gaineratu du Cuetarak. Hauen kontrako partiduan garaipena eskuratzeko, aitzinetik elkarren kontra jokatutako partiduak gakoa izanen direla erran du asturiarrak. Hain zuzen ere, lehen itzulian Artalekun jokatutako azken partiduan Bidasoak galdu egin zuen Granollersen kontra. Jacobo Cuetarak adierazi duenez, neurketa hori garrantzitsua izan daiteke “akatsak zuzentzeko eta bertan eman ziren detaile ttikiak kontuan hartzeko”. Bi taldeak sailkapeneko bigarren postua dute begiz jota, Bidasoak bertan egonkortzeko eta Granollersek hura lortzeko. Horrez gain, Europako Txapelketa jokatzeko txartelak ere jokoan izanen dira igandeko partiduan. (Argazkia: Arrate Morales)
Osorik irakurri