Jacobo Cuetararen mutilek 30-30eko markagailua erdietsi zuten beraien aurkari zuzena den taldearen kontraBidasoak puntu garrantzitsua eskuratu zuen atzo eguerdian, apirilaren 7an, Granollersen kontrako partiduan. 30-30eko markagailua lortu zuten horiek, azken minutuetan sartutako hiru golei esker. Puntu bat poltsikoratuta, Jacobo Cuetararen taldeak bigarren postua mantendu du eta gibeletik duen aurkari zuzenarekin aldeak ere bere hortan utzi ditu. Bidasoak behetik gora egin zuen partiduaren lehen zatian. Gibeletik hasi ziren markagailuan, eta hiru tantoko tartea ireki zuen Granollersek bere alde. Talde horiak ez zituen besoak jaso eta atsedenaldirako bost minutu falta zirenean, lehen aldiz jarri ziren aitzinetik bisitariak, 11-13ko emaitzarekin. Hala ere, 4-1eko partziala egin zuten etxekoek eta lehen zatiaren bukaeran 15-14ko markagailua eduki zuten beraien alde. Bigarren zatian, Granollersek bi goleko abantaila lortu zuen berriz ere, baina Bidasoak ez zion partiduari ihes egiten utzi eta errenta puntu bakarrera murriztu zuen. Azken hamar minutuetan, etxekoak hiru gol gora joan ziren berriz ere (27-24) eta horrela mantendu zuten 55. minutura bitarte. Azken bost minutuetan, indarra erakutsi zuen talde irundarrak eta Nieto anaiek hiru gol sartuta (Gorkak bi eta Asierrek bat), neurketa berdindu zuten, 30-30eko markagailuarekin. Rodrigo Salinasek ere bere eskuetan izan zuen garaipena azken jaurtiketa batekin, baina baloiak langa jo zuen eta berdinketan gelditu zen emaitza behin-betiko. Puntu garrantzitsu bat batu zuen Bidasoak atzo, Granollersen kontra, aurkari zuzena baitzen eta bigarren eta hirugarren postua mantendu dutelako hurrenez hurren. Honen ondotik, bihar (apirilaren 9an), Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatuko du Jacobo Cuetararen taldeak Fundación Agustinos Alicanteren kontra (19.00). Plenitude ASOBAL Liga asteburuan bueltatuko da Artalekura, Blendio Sinfin taldearen kontrako partiduarekin. (Argazkia: Ramon Ferrandis)
Osorik irakurri