BETI GAZTEKO GIZONEZKOEK, GURE TXOKOAK ETA BAZTANEK GARAIPEN BANA ESKURATU DUTE

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko api. 16a, 12:04

Beti Gazteko emakumeek eta Doneztebek aldiz, galdu egin zuten asteburuan jokatutako neurketetanDenboraldiko azken txanpan sartuak dira dagoeneko Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusi guztiak. Asteburuko honetan, lehian izan dira Gipuzkoako eta Nafarroako Ligako talde guztiak eta gehienek garaipenak eskuratu dituzte. Beti Gazteko gizonezkoek, Gure Txokoak eta Baztanek hiru puntuak poltsikoratuko zituzten asteburuko jardunaldietan eta Beti Gazteko emakumeek eta Doneztebek berriz, porrot bana jaso zuten. Gipuzkoako Ligari dagokionez, Ohorezko Erregional mailako Beti Gazteko emakumeek etxean eman zioten hasiera denboraldiko azken txanpari eta Mariño Real Union sailkapeneko bigarren postuan dagoen taldea jaso zuten Mastegin. 1-3 galdu bazuten ere, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu du emaitzak ez duela islatzen zelaian ikusi zena. Joko ona erakutsi zuten lesakarrek eta minutu aunitzetan nagusi izan ziren. Orokorrean, taldea kontent dago urte honetan egindako lanarekin, baita izandako bilakaerarekin ere, ikusi baitute gai direla talde indartsuei ere aitzin egiteko.Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek aldiz, 3-1 irabazi zuten etxean Ordiziaren kontra. Hauek ere pozik gelditu ziren egindako lanarekin, Mastegin euren nagusitasuna erakusteko gai izan baitziren. Denboraldiko partidurik onenetarikoa jokatu zutela ere azpimarratu du Javier Escagües entrenatzaileak, eta honek konfiantza emanen diela hemendik aitzinera gelditzen diren partiduei aurre egiteko.Erregional mailako Gure Txokoak ere 3-2 garaitu zuen Indarbizi 17 taldea. Beratarrak igoeragatik borrokan ari dira eta oraindik ere ateak irekiak dituzte, sailkapena estu dagoelako. Lau puntuetara dute liderra eta beraz, igoera zuzena ere. Orain, indarrarekin eta euren buruengan sinetsita, helburu hori izanen dute begiz jota azken bost jardunalditan, Ganix Zubieta entrenatzaileak aipatu duenez. Nafarroako Ligari dagokionez, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 1-2 irabazi zuen Idoia taldearen kontra. Maila ona eman zuten partiduan zehar eta hiru puntuak ekarri zituzten Oteizatik bueltan Elizondora. Sailkapeneko erdiko postuetan daude kokatuta baztandarrak, baina gora begira. Iban Romo entrenatzaileak ezin direla erlaxatu aipatu du eta ahalik eta puntu gehien batu behar dituztela orain, maila mantenduko dutela ziurtatzeko. Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ez zuen zorte bera izan. Lezkairu bisitatu zuen pasa den igande arratsaldean, eta 2-1eko markagailuarekin galdu egin zuten bertan. Joel Gil bigarren entrenatzaileak argi utzi du denboraldiko partidurik okerrenetarikoa izan zela bere taldearentzat. Edonola ere, burua galdu gabe, neurketa hori ahantzi eta dagoeneko lanean jarriko dira heldu den asteburuko jardunaldia prestatzen, garaipena eskuratzeko eta denboraldiari lasaitasunez bukaera emateko.

Osorik irakurri