GURE TXOKOAK, BAZTANEK ETA DONEZTEBEK GARAIPEN BANA ESKURATU ZUTEN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko api. 23a, 10:20

Beti Gazteko emakumeek berdinketan bukatu zuten jardunaldia eta talde bereko gizonezkoek berriz, porrota jaso zutenBaztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean, Gure Txokoak, Baztanek eta Doneztebek batu zituzten jardunaldiko hiru puntuak. Beti Gazteko bi taldeek berriz, ezin izan zuten irabazi asteburuan. Emakumeek bina berdindu zuten Lagun Onak taldearen kontra eta horrela, puntua ekarri zuten bueltan etxera. Gizonezkoek aldiz, Real Union Rocaren etxean porrota jaso zuten. Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek bina berdindu zuten larunbat arratsaldean Lagun Onak taldearen kontra. Irabazten hasi zen Lesakako taldea, baina azken minutuetan azpeitiarrak gai izan ziren neurketa berdintzeko eta puntuak banatzeko. Pena izan zen puntu guztiak ez batzea, baina Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu du azken batean justua izan zela berdinketa eta euren jokoa erakutsita pozik bueltatu zirela etxera, azken partiduetan egin bezala, egoera zailetan ere maila ematen baitute. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek berriz, 1-0 galdu zuten Galeko anexoan Real Union Roca taldearen kontra. Hauek ere bazekiten neurketa zaila izanen zela eta aurkaria indartsu zegoela. Javier Escagües entrenatzaileak kontatu duenez, penalti baten bidez aitzindu ziren markagailuan irundarrak eta lesakarrak saiatu baziren ere, ezin izan zuten emaitza berdindu eta azkenik, puntuak galdu zituzten. Hala ere, lanean segitu beharko dute, azken partiduetan jeitsiera postuak sahiestu eta maila mantentzeko. Erregional mailako Gure Txokoak 0-3ko markagailuarekin garaitu zuen Atotxa River. Beratarrak sasoi onean daude eta bertze hiru puntu batuta, puntu bakarrera dute igoera zuzena. Gelditzen diren azken lau jardunaldietan helburu hori izanen dute begiz jota eta Ganix Zubieta entrenatzaileak ere dei berezia egin die zaleei Matzadara hurbiltzeko eta taldea babesteko, denboraldiko helburu nagusia lortzeko bide horretan. Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 3-0 garaitu zuten Artajones. Bolada onean daude baztandarrak eta hiru puntu gehiago batuta, sailkapenean gora egin dute, postu eroso batean kokatuz eta jeitsiera postuak sahiestuz. Indartsu daude denboraldiko azken txanpari aitzin egiteko eta horrek konfiantza eman diela jakinarazi du Iban Romo entrenatzaileak.Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere 1-0eko markagailuarekin irabazi zuen etxean Ilumberri taldearen kontra. Atsedenaldira hutsean ailegatu ziren bi taldeak eta bigarren zatian sartu zuen Doneztebek garaipenaren gola. Joel Gil bigarren entrenatzaileak kontatu du, baja aunitz bazituzten ere, hori ez zela aitzakirik izan eta merezitako garaipena eskuratu zutela etxeko zelaian. Azken jardunaldietako bolada txarrari buelta eman eta horrela segitu nahi dute gelditzen diren azken sei jardunaldietan ere.

Osorik irakurri