Ibilbide laua eta oztoporik gabekoa denez, marka egiteko aproposa izanen dela iragarri dute antolatzaileekLasterketaren aurkezpena egin zuten orain dela bi aste Hondarribiko udaletxean, eta bertan, Lupe Queiruga Kiroletako zinegotziak Udalak kirol frogak babesteko duen konpromisoa berretsi zuen: «Bizitza osasungarri baten alde ekintza garrantzitsuak dira, urrats bat gehiago». Lasterketa, maiatzaren 5ean (igandean), 10:00etan hasiko da Minatera kaletik eta Portua auzotik barrena aireportuko errepidetik Amutera joango da, han Kosta kaletik itzultzeko, eta zuzenean Santa Engrazitik Sabin Arana kalera, Kai Berriraino joan eta bueltan espigoian amaitzeko. «Ibilbide laua eta oso azkarra da, inolako gorabeherarik gabekoa», azpimarratu du Mikel Leal antolatzaile taldeko ordezkariak. Zentzu honetan, BAT taldeko Ibon Muñozek gogoratu du 10K ibilbide homologatua dela, eta beraz, marka egiteko asmoa duten herri-lasterkari askorentzat aukera paregabea. «Mailako jendea etorriko da eta ikuskizuna ziurtatuta dago. Halere, ez dugu ahaztu behar lasterketa popularra dela eta denei irekita dagoela, ez bakarrik oso azkar datozenei», argitu dute antolatzaileek. Izan ere, gozatu eta bizimodu osasuntsua sustatzen jarraitzeko helburua du herri-lasterketa honek. Esan bezala, izen-emate epea irekita dago, maiatzaren 4ako 20:00ak bitarte, www.kirolprobak.com gunean.
Osorik irakurri