JACOBO CUETARA: “TXAPELDUNORTZEA LORTZEKO AUKERA DUGU ETA APROBETXATU BEHAR DUGU”

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mai. 2a, 12:41

Bidasoa Irunek bihar, maiatzaren 3an, bisitatuko du Huesca bere helburuak lortzeko neurketa garrantzitsu bat jokatzekoBidasoa Irunek Huesca bisitatuko du ortzirale honetan, maiatzaren 3an, 20:30ean. Txapeldunordetza eskuratu du talde irundarrak eta denboraldia bukatzeko bi jardunaldiren faltan, urteko helburu nagusi hau lor dezake, Huescan irabaziz gero. Ilusio handiz eginen diote aitzin hurrengo erronkari Bidasoa Irungo jokalariek. Jacobo Cuetara entrenatzaileak erran duenez, Huescaren kontrako biharko partidua “aukera berri bat da txapeldunordetza lortzeko”. Denboraldi guztian zehar horren alde borrokan aritu dira horiak eta orain eskuetan dute lorpen hori. Horregatik beragatik, “ilusioz goaz Huescara”, onartu du prestatzaileak. Hiru neurketa gelditzen dira soilik 2023/24 denboraldiari agur errateko. Bi jardunaldiren faltan txapeldunorde izaten ahal da dagoeneko Bidasoa eta hori lortu nahi du taldeak, “ahalik eta azkarren itxi hori. Aukera aitzinean dugu eta aprobetxatu behar dugu”. Edonola ere, aurkariak ez dizkio gauzak erraz jarriko talde irundarrari. Cuetarak aipatu duenez, “Huescan jokatzen diren partiduan beti gogorrak eta zailak izaten dira. Hori espero dugu. Neurketa detaile ttikietan erabaki daiteke eta garrantzitsuena 60 minutuetan maila altua mantentzea izanen da, gure aldeko partzialak lortuz”. Huescak promozioa lortzeko aldeak handitu ditu bere aurkariekin eta orain, Bidasoa bezalako talde handi baten kontra lehiatzeak ilusioa piztuko die, entrenatzailearen hitzetan: “Talde guztiek dituzte helburu ttikiak. Eurek aldea lortu dute promoziorako borrokan bertze taldeekin eta horrez gain, ilusioz daude gure kontra aritzeko etxean. Denboraldiko azken jardunaldiak dira eta zaleek gozatzea nahiko dute”. Biharko neurketarako, aldiz, zenbait baja izanen ditu Bidasoak. Julen Mujika eta Mikel Zabala ez dira bertan egonen eta azken momentura arte zalantza izanen dira, Gorka Nieto, Jakub Sladkowski eta Iñaki Cavero. Lehen biak zailago izanen dute, Cuetararen hitzetan, deialdian sartzea. (Argazkia: Arrate Morales)

Osorik irakurri