BAZTANEK ETA DONEZTEBEK GARAIPEN BANA ESKURATU DUTE ASTEBURUAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mai. 7a, 11:49

Beti Gazteko bi taldeek eta Gure Txokoak aldiz, ezin izan zituzten puntuak batu euren jardunalditanBaztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean, soilik Nafarroako Liga jokatzen dutenek lortu dute garaipena asteburuan. Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 2-4 garaitu zuen Iruña eta Preferente mailako Doneztebek berriz, 5-0 irabazi zuen Iruntxikiren kontra. Gipuzkoako Liga jokatzen dutenek ezin izan zuten punturik batu eta Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakume eta gizonezkoek eta Gure Txokoak galdu egin zuten euren jardunalditan. Nafarroako Ligan, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek 2-4 garaitu zuen Iruña. Zazpi egunetan hiru neurketa jokatu dituzte baztandarrek eta horietatik bitan bildu dituzte hiruna puntu. Irabazi ondotik, Baztan sailkapeneko laugarren postura igan da eta igoera fasea jokatzeko aukera eskutan du orain. Iban Romo entrenatzaileak aipatu duenez, ilusioz eta gogoz daude bolada on honi segida emateko eta helburu berriak lortzeko. Preferente mailako Doneztebek ere izugarrizko garaipena eskuratu zuen igandean etxean, Iruntxikiren kontra. 5-0 irabazi zuten doneztebarrek sekulako nagusitasuna erakutsiz etxeko zelaian. Joel Gil bigarren entrenatzaileak adierazi bezala, berri onez beteriko jardunaldia izan zen gainera, ez soilik garaipenagatik, baizik eta lesio larri batetik berreskuratu berri den Borja Arregi kapitaina bueltan izan zelako zelaian.Gipuzkoako Ligan, Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeek 4-3 galdu zuten pasa den igandean Touring taldearen kontra. Berdinketa eskura izan zuten lesakarrek, baina azkenik etxekoek gola sartu eta puntu guztiak ere eurek eraman zituzten. Edonola ere, lan ona egin zuten Beti Gazteko jokalariek eta alde horretatik, pozik gelditu zen taldea, Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak azpimarratu duenez. Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako gizonezkoek ere 3-1 galdu zuten pasa den larunbat arratsaldean Beasain B taldearen kontra. Euren aurkari zuzenak ziren beasaindarrak eta lesakarrek ezin izan zuten punturik batu partidu hartan. Zapore gazi gozoarekin bueltatu ziren etxera, baina gelditzen diren jardunalditan maila emateko indarrez daudela argi du Javier Escagües entrenatzaileak. Erregional mailako Gure Txokoak ere porrota jaso zuen asteburuan, Amara Berri taldearen kontra, 1-0 galduta. Hauek ere ezin izan zuten helburua lortu, eta sailkapeneko bostgarren postura jeitsi dira orain, igoera zuzenetik aldendurik. Bi jardunaldi gelditzen dira denboraldia bukatzeko eta garaipenarengatik borrokan segituko dute azken txanpa honetan ere. Edonola ere, Ganix Zubieta entrenatzaileak, onartu du dagoeneko ez dagoela igoera euren eskuetan soilik.

Osorik irakurri