Emakumezkoen eskubaloia maila guztietan indartzeko erronka duela argitu du klubakC.D. Bidasoak emakumezkoen eskubaloiarekin zuen zor historikoa zuzendu nahian dabil. Urte luzetan Txingudi Egaindar kluba izan da Irunen nesken erreferentzia bakarra, kirol honetan Bidasoa-Irun taldea hiriko ikur bada ere. Baina emakumezkoen eskubaloia maila guztietan indartzeko helburuarekin, Eñaut Uruñuela Tremiño irundarra izendatu berri du C.D. Bidasoak emakumezkoen arloko koordinatzaile tekniko berria. IlCapo Hondarribiako jokalaria da gaur egun, eta 2010ean eskubaloi eskolan sartu zenetik harrobiko kategoria guztietatik igaro da. Klubak argitu duenez, «izendapen honekin klubak emakumezkoen taldeekin batera lan egin nahi du arlo hori indartzeko, aurrera pausuak ematen hainbat urte daramatzan proiektu bati jarraipena emanez».Eñaut Uruñuelak 23 urte ditu, baina eskarmentua handia emakumezkoen kirol adarrari lotuta. Izan ere, 2016/2017 denboraldian infantil taldea entrenatu zuen, eta Gipuzkoako txapeldun eta Euskadiko txapeldunorde geratu zen 2017/2018 ikasturtean. Ondoren, kadeteen taldea Gipuzkoako Txapelketa eta 2018/2019 Euskal Ligara igotzea lortu zuen. Denboraldi honetan, kadete horiaren entrenatzaile gisa, Gipuzkoako txapeldunorde izan da.Irundarrak eskubaloiko monitore eta lurraldeko entrenatzaile tituluak ditu, eta gaur egun entrenatzaile nazionalaren ikastaroa egiten ari da. Uruñuela pozik azaldu da erronkarekin. «Lanean hasteko eta ikasten jarraitzeko gogo handia dut, ilusio handiz ekingo diot proiektu berri honi», adierazi du.
Osorik irakurri