ASTEBURUAN ABIATUKO DA EMEKIK ANTOLATUTAKO EMAKUME PALA TXAPELKETA

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mai. 15a, 12:52

Maiatzaren 18, 25 eta ekainaren 1ean IX. Emakume Pala Txapelketan elkartzeko aukera emango diete Jostaldi pilotalekuanMaiatzaren 18an (16:00etatik 19:00etara) hasiko da Emeki elkarteak antolatutako IX. Emakume Pala Txapelketa. Aurreko urteetan Soroetako frontoian jokatu izan bada ere, Jostaldira jauzia eman du dagoeneko, agintarien begirunea lortuta eta segurtasun arrazoiak direla eta. Tamara Sastrek, Emeki elkarteko presidentak aipatu digunez, «Soroeta irekia denez, euri egunetan irristakorra bilakatzen da eta jokalarientzat arriskutsua zen». Maiatzaren 25ean hurrengo kanporaketa jokatuko dute arratsaldez ere, eta finala ekainaren 1ean 10:00etan izango da. «Parte hartzeaz gain, pilotaren zale guztiei deia egiten diegu ere, ikusleak biltzen direnean giro berezia sortzen delako, eta jokalarientzat pizgarri bat da», galdegin du Emekiko ordezkariak. Txapelketa ofiziala ez bada ere, azken urteetan Emeki elkarteak bultzatutako 'Emakume pilotari' proiektuak dinamika oso bat sortu du eskualdean, eta geroz eta emakume eta neska gazte gehiago dira Bidasoaldean palan aritzeko afizioa hartu dutenak. Sastrek oroitarazten duenez, Emeki 90. hamarkadan hasi zen pala txapelketa hau antolatzen, baina azken urteotan hartu du sona gehien. «Lehen edizioak antolatu eta desagertu egin zen, eta pandemiaren aurretik hasi ginen 2019an berriz, eskoletan ere neskek kirola egin dezaten gaur egun 80 emakume federatu biltzen dituen Emakumeen Pilota Elkartearekin lankidetzan pala proposatzeko ekimenarekin batera», azaldu digu Emekiko ordezkariak.Maider Mendizabal munduko txapeldunaren bisitak ere jaso izan dituzte urteotan Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoako ikasleek eskoletan, eta emakume erreferenteen bideari jarraituz, pala emakumeen ahalduntzeko tresna ere bilaka daitekeela ulertu dute haur eta gurasoek. Hala, proiektua martxan jarri eta urte gutxiren buruan 15-20 bat neska-mutil ari dira astero palan Emeki eta Hondarribiko Pilota Elkartearen eskutik. Era berean, ‘Eman Pilotari’ ekimenak antolatu izan dituzte haurren artean pala gizarteratu eta probatu dezaten.Helduen kasuan ere, Emekik antolatu ohi dituen Bixi-Bixi Pala Txapelketa saioetan bezala, urtero antolatzen duen hitzordu garrantzitsu honek arrakasta bildu du. Herrikoak ez ezik, eskualde osoko emakumeak aktibatu eta martxan jarri baitira palan jokatzeko. Irunen ere, Atxiki pilota eskola berrian ohartu dira, eta emakume talde bat astero elkartzen da Urantzu frontoi txikian entrenatzera. Eta Hendaian ere bada mugimendua. Horren irudiko maiatzaren 5ean Pausuko Bidasoan Euskaraz Pala Txapelketan parte hartu zuten emakumeen kopurua. Otsailaz geroztik eskualde osoko 82 bikote mixto aritu dira txapelketa horretan asteroko partidetan lehian. Tamara Sastrek azpimarratzen duenez, «txapelketa antolatzen dugu, baina palak emakume askori ekartzen diena da, entrenatzeko elkartzen direla, harreman berriak egin eta kirolak dakarren osasunerako onuraz gain, ahalduntzen dituela».Lehia gutxienekoa bada ere, ez da faltako. Eta IX. Emakume Pala Txapelketaren txapelaren bila joango dira denak Jostaldira egurra emateko prest. Esan bezala, hiru egunetan jokatuko da txapelketa, maiatzaren 18, 25 eta ekainaren 1ean. Eta parte hartu nahi duen orok izena eman dezake emekiemakumelkartea@gmail.com helbidera idatziz edota 943 64 34 02 telefonora hots eginez.

Osorik irakurri