Leonen Bigarren Mailako irabazleak izan ondotik, mailaz igotzea lortu duteBidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoak Lehen Mailara bueltatuko dira heldu den denboraldian. Pasa den asteburuan, Leonen, Bigarren Mailako txapeldunak izan ondotik, mailaz igotzea lortu dute. Sailkapen orokorrean, Portugalete eta Badajoz sailkatu dira euren gibeletik, hurrenez hurren. Talde indartsua eraman zuen Bidasoa Atletiko Taldeak Leonera. Forma onean zeuden atleta guztiak eta denek ere helburu argia zuten: mailaz igotzeko lehian lehenak izatea. Hori lortzeko faboritoak ere baziren eta ez zuten hutsik egin. Lehia uste baino parekatuagoa izan zen eta goizeko azken zatira, lehen bortz taldeak bortz puntuko aldearekin ailegatu ziren. Hala ere, BATeko gizonek bigarrenarekin tartea irekitzea lortu zuten, euren aldeko probak gelditzen baitziren. Erreleboetan gainera, hamaika puntuko aldea baliatuz, mailarik altuena eman zuten eta txapeldun bilakatu ziren, mailaz igoko zirela ziurtatuz.Errelebo motzean hirugarren postua eskuratu zuen BATek eta luzean aldiz, bortzgarrena. Emaitza hauekin eta aitzinetik lortutakoekin, 110 puntu batu zituzten guztira, Portugalete bigarren sailkatuari seiko abantaila aterata. Hirugarren postuan, Badajoz sailkatu zen, 102,5 punturekin. Taldeko garaipenak Joaquin Alonsok, Mario Estangak eta Alejandro Estebanek lortu zituzten. Alonsok 400 metroko hesi-lasterketan lehena izan zen, 54,39 segundurekin. Estangak berriz, pertigan, 4,70 metroko jauzirik onena egin zuen. Azkenik, Estebanek 60,18 metroko jaurtiketa egin zuen xabalinarekin. Bigarren postuan Aritz Zuazo, Iker Arozena eta Juan Errandonea sailkatu ziren. Zuazok altuera jauzian 1,98 metro eskuratu zituen (marka pertsonala), Arozeak luzera-jauzian 7,36 metro eta Errandonean 14,87 metro jauzi hirukoitzean. Azkenik, brontzezko dominak Mikel Aramendik eta Unax Erasok lortu zituzten, baita erreleboetan ere. Aramendik 3000 metroko oztopo-lasterketan lortu zuen (9:30,09 minutu, marka pertsonala), Erasok (Ligan debuta eginez) mailu jaurtiketan (43,50 metro) eta Imanol Gilek, Tirso Ocañak, Ander Garaiarrek eta Iker Arozenak 4x100 erreleboetan (41,91 segundu).
Osorik irakurri