FRAN JUSTO: “AZKEN SAIAKERA BAT GELDITZEN ZAIGU ETA DENA EMAN BEHAR DUGU”

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko mai. 23a, 16:19

Real Unionek Deportivo de la Coruña liderraren kontrako partiduarekin bukatuko du denboraldiaLehen RFEF mailako taldeek ere asteburu honetan emanen diote bukaera aurtengo denboraldiari. Real Unionen kasuan, erronka gogor bat izanen du asteburuan, maila mantentzeko izanen duen azken aukeran. Deportivo de la Coruña taldea bisitatzea egokitzen zaio, mailako txapelduna dena dagoeneko. Partidu zaila izanen dela badakite, baina borrokatzen saiatuko dira denboraldiko helburua lortzeko. Neurketa larunbatean ospatuko da, maiatzaren 25ean, 19:00etan. Fran Justo entrenatzailearen erranetan, larunbateko partidua denboraldiko “garrantzitsuena” izanen da, “definitiboa” baita eta talde txuribeltzarentzat azken aukera maila mantentzeko. Pasa den jardunaldiko garaipenaren ondotik, “errealitatera buelta” egin behar izan du taldeak eta azken partidu honi begiratu. “Dena jokoan dugu eta horren bila joan behar gara”, aitortu du Justok. Azken jardunaldietan emaitza arraroak eman daitezkeela dio entrenatzaileak, baina argi du bakoitzak bere lana egin behar duela: “Futbolak erakutsi digu guk gure lana egin behar dugula. Irabaziz gero, helburutik hurbilago gaude eta horren bila joan behar gara. Puntu bat behar dugu eta hori lortuta, ez gara bertzeei begira egon beharko. Ezin ditugu aurkariak kontrolatu, baina bai guk egindakoa. Jokalariek badakite zer dugun jokoan, badakite azken esfortzua izanen dela eta arduratsuak dira”. Ligako txapelduna bisitatuko dute azken jardunaldi honetan, eskenatoki zail batean, eta Deportivok eta zaleek garaipena ospatuko duten egunean. “Zaila izanen da”, onartu du Justok, baina aldi berean, “ilusionagarria” dela ere erran du. “Deportivok zale hoberenak dițu, baita jokalari onenak ere. Ez dizkigu gauzak erraz jarriko eta guk jokoa gure alde jartzen saiatu behar gara”, gaineratu du. Ivan Perez eta Marcos Luna ezingo dira bertan egon, txartelengatik, eta Alain Oyarzunek ere ezingo du azken jardunaldia jokatu orkatila mindua duelako. Hala ere, entrenatzaileak argitu duenez, “ahal dugun guztiak egon behar dugula badakigu, azken esfortzua da eta dena eman behar dugu”.

Osorik irakurri