Deportivoren kontra 3-1 galdu bazuen ere, bertze taldeen emaitzek ahalbidetu dute talde txuribeltzak maila mantentzeaReal Unionek denboraldiko helburu nagusia lortu zuen pasa den larunbatean Riazorren. Deportivo de la Coruñaren kontra 3-1 galdu bazuen ere, Sabadell eta Lugoren arteko berdinketak txuribeltzek Lehen RFEF mailan segitzea ahalbidetu zuen.Neurketa zaila zuten aitzinetik Real Uniongo jokalariek. Denboraldiko azken partidua zen eta maila mantentzeko borrokan segitzen zuen talde txuribeltzak. Puntu batekin nahikoa zuen Lehen RFEF mailan segitzeko, baina aurtengo txapeldunaren etxean lortu beharreko puntua zen hori. Espero bezala, Deportivo agintzen hasi zen lehen minututik eta 21. minutuan lortu zuen lehen gola. Epaileak Feeneyren jokoz kanpokoa pitatu zuen eta Alcainak markagailua etxekoen alde jarri zuen. Real Union saiatu zen emaitza berdintzen eta bi aukera garbi izan zituen horretarako, Escobarren eskutik. Hala ere, aurkarien atezainak ongi gelditu zituen biak. Aldageletara joan baino lehen, abagune bana izan zuten bi taldeek, Lucas Perez eta Eimilen aldetik, nahiz eta bakar batek ere ez zuen lortu baloia sarera sartzea. Bigarren zatia hasi eta talde txuribeltzak izan zuen aukera markagailua berdintzeko. Josecak erdiraketa egin zion Cerdári esker hegaletik, eta honek erremate ona egin zuen, baina etxeko atezainak luzaketa ona egin zuen ere. 64. minutuan aldiz, Deportivoren bigarren gola ailegatu zen. Vidorretak falta egin zion Lucas Perezi eta Salva Sevillak ez zuen barkatu. Gola sartu eta errenta handitu zuen honela. Txuribeltzek eta bere zaleek aldi berean jokatzen ari ziren bertze neurketei begira zeuden, emaitza horiek baldintzatuko baitzuten Real Union Lehen RFEF mailan gelditzea. Sestao River irabazten ari zen Leonen etxean, Fuenlabradak ere bere alde zuen Cornellaren kontrako neurketa eta Sabadell eta Lugo berdintze ari ziren. Millan Salcedok aldaketak egin zituen eta orduz geroztik, partiduko minutu onenak jokatu zituen talde irundarrak. Bi aukera garbi eduki zituen, baina ez zuen zorterik izan eta ez zen baloia sarera sartu. Urduritasuna zen nagusi, jakinik Sabadellen gol batek zapuztuko lukeela maila mantentzeko lehia. Horrez gain, kolpe gogorra jaso zuen Real Unionek Mellak hirugarren gola sartu zuenean, neurketa bukatzeko hamar minutu gelditzen zirenean. Hala ere, borrokatzen segitu zuen talde irundarrak eta Escobarrek, luzapeneko 93. minutuan, gola sartzea lortu zuen, behin-betiko 3-1ekoa ezarriz. Maila mantentzea bere eskuetan ez zegoela ikusirik, minutu luze bat itxoin behar izan zuten Real Uniongo jokalari eta zaleek denboraldia nola bukatuko zen jakiteko. Azkenean, Lugok eta Sabadellek berdindu egin zuten eta horrek, Lehen RFEF maila mantentzen lagundu zion talde txuribeltzari. Honela, bertze urte batez, maila berean ariko da Real Union. (Argazkia: RC Deportivo)
Osorik irakurri