Bidasoa Irunek Errege Kopako Azken Fasea jokatuko du asteburuan, denboraldiari bukaera ematekoBidasoa Irunek Errege Kopako Azken Fasea jokatuko du asteburuan. Denboraldiko azken partiduak izanen dira eta taldea ilusioz eta gogoz dago. Europako txartela eskuratua du dagoeneko, Plenitude ASOBAL Ligako txapeldunorde izateagatik. Presiorik gabe jokatuko du txapelketa beraz, baina hala ere zentratuak egonen direla azpimarratu du Jacobo Cuetarak. Jacobo Cuetarak azken prentsaurrezkoa eman du gaur goizean Bidasoa Irungo entrenatzaile moduan. Lehenik eta behin, eskualdeko hedabideei eskertu nahi izan die urte guzti hauetako lana. Eurekin lan egitea “plazer bat” izan dela onartu du eta beraz, prentsaurreko hori bera “berezia” izan dela beretzat. Edonola ere, segidan aritu da taldeak izanen duen hurrengo erronkaz. Errege Kopako Azken Fasea jokatuko baitu asteburuan Jaenen eta horri begira darama aste osoan zehar. Honen aitzinean, “ilusioz” daudela adierazi du prestatzaileak. Beraien “momenturik onenean” ez daudela ere erran du, baina txapelketa hauek “iraganetik baino etorkizunetik dutela” eta Europako plaza lortzeko presiorik gabe daudenez, “zentratuta” baina lasai eskinen diotela asteburuari. Ortziralean, maiatzaren 30ean, txapelketaren final laurdenak jokatuko dituzte lehenbizi. Caserio Ciudad Real izanen dute aurkari, Zilarrezko mailako taldea. Aurten “denboraldi bikaina” egin dutela adierazi du Cuetarak, nahiz eta azkenean ez duten igoera lortu. Hala ere, Errege Kopan ASOBAL Ligako hiru talde kanporatu dituzte dagoeneko eta Bidasoari hori ezin zaiola ahantzi onartu du entrenatzaileak. Talde horia faboritoa finalerdietara ailegatzeko, baina horretarako “zentratuak” egon behar direla aipatu du: “Urduritasun handiko partiduak izaten dira, arraroak. Zentratuak egon behar gara, joko ona egin eta sendoak izan 60 minutuetan zehar”. Caseriok “jende gaztea eta beteranoa” nahasten dituela jakinarazi du Cuetarak eta hori nahasketa ona izan dela taldearentzat aurten. Arratsaldeko 15:45ean hasiko da ortzirale honetan, Errege Kopako final laurdena, Bidasoa eta Caserio Ciudad Real taldeen artekoa. Talde irundarrak kanporaketa hau gaindituko balu, finalerdietan Barça izanen luke aurkari, ongi bidean Granollersi irabazi beharko liokeelako Ligako txapeldunak. Horrela, Bidasoak zailtasuna izanen luke finalera ailegatzeko, baina hortan saiatuko da.
Osorik irakurri