Baztandarrek itzulerako neurketa ere galdu egin zuten Garesen kontra eta beraz, ez dira Hirugarren Mailara igokoDenboraldia bukatu berri da Nafarroako Ligako Lehen Maila Autonomikoko Baztan taldearentzat. Hirugarren Mailara igotzeko fasea jokatzen aritu da azken bi asteburuetan eta Garesen kontrako bi neurketak galduta, oraingo maila bera mantenduko dute heldu den urtean ere. Urte gorabeheratsua izan da Lehen Maila Autonomikoko Baztanentzat. Jokalari gazteekin jokatu dute, esperientzia gutti zutenak, eta hilabete zailak ere pasatu dituzte lesioak zirela eta. Hala ere, azken hilabeteetan, egoerari buelta eman eta sailkapeneko lehen postuetan kokatu ziren igoera fasea jokatzeko eskubidea lortuz. Hortan aritu dira azken bi asteburuetan, Garesen kontra Hirugarren Mailara igotzeko txartelarengatik borrokan. Bi partiduetan Gares nagusitu da (Giltxaurdin 0-1; Garesen 3-1) eta beraz, talde hau izanen da hurrengo urtean Hirugarren Mailan ariko dena. Baztandarrak zapore gazi-gozoarekin gelditu dira denboraldia bukatuta, eskura eduki dutelako mailaz igotzeko aukera. Edonola ere, lasaitasunean hausnartuta, denboraldiaren balorazio positiboa egin du Iban Romo entrenatzaileak. Jokalari gazteekin gai izan direlako talde indartsuei aitzin egiteko eta azken hilabeteetan ere lortu dutelako bolada txarrari buelta eman eta igoera fasea jokatzea. Hori guztia 2023ko abuztutik egindako lan guztiarekin fruitua izan da. Orain, merezitako atsedena hartuko dute, eta heldu den denboraldiari begira, aurten ikasitakoa eta bildutako esperientzia guztia baliatuko dute berriz ere Hirugarren Mailara igotzeko aukera edukitzeko. (Argazkia: Diario Noticias)
Osorik irakurri