REAL UNIONEK DENBORALDIKO LEHEN PUNTUA ESKURATU DU BARÇA ATLÈTICEN KONTRA

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko abu. 26a, 13:20

San Bartolomek luzapenean sartutako golari esker, talde txuribeltzak bana berdinduta bukatu zuen Barça Atlètic taldearekin2024/25 denboraldiari hasiera eman zion Real Unionek atzo, abuztuaren 25ean, Barça Atlètic taldearen etxean. Bi taldeek hutsean mantendu zuten markagailua, ia neurketa guztian zehar. Hala ere, etxekoek gola sartu zuten, partidua bukatzeko hamar minutu eskas falta zirenean. Real Unionek orduan, indarra erakutsi, eta San Bartolomeri esker, emaitza berdintzea lortu zuen, denboraldiko lehen jardunaldiko puntuak banatuz. Neurketa hasi eta zazpigarren minutuan lortu zuen Real Unionek bere lehen abagunea. Garridok erdiketa egin eta Obietak erremate ona egin zuen, nahiz eta Barçaren atezainak gelditu. Aldaratzean, Vidorretak kornerrera bidali zuen jaurtiketa, baina atzelari bati erori zitzaion baloia hanketara. Hamaika minutu beranduago, joko bera errepikatu zen protagonista desberdinekin. Kasu honetan, Riverok bota zuen baloia kornerrera, atezainak desbideratu zuen eta Josecak jaurti zuen berriz ere, Kocheni bertze geldiketa on bat egitera behartuz. 26. minutuan bertze aukera berri bat izan zuen talde txuribeltzak. Aranzabek, kontraerasoan, Garridori bota zion baloia eta honen jaurtiketa zutoinera joan zen.Barça, guttitik gehiagora joan zen lehen ordu erdian, eta atsedenaldia baino lehen ailegatu ziren bere bi aukera garbiak. 31. minutuan Dacostak jaurtiketa gurutzatua egin eta Charly Perezek ongi gelditu zuen. Zortzi minutu beranduago berriz, Unai izan zen areaz kanpotik baloia gogor jaurti zuena. Perezek, berriz ere, geldiketa ona egin zuen. Bigarren zatiaren hasieran, Real Union hasi zen agintzen. 59. minutuan Riverok kornerra atera, Obietak ukitu eta atera berri zen San Bartolomek bota zuen baloia zutoinera. Bederatzi minutu beranduago, Aranzabek kontraerasoan jaurti zuen baloia atera, baina atezainak ongi gelditu zuen sasiakera. 72. minutuan azkenik, Riverok ireki egin zuen Josecarentzat eta, berriz ere, San Bartolomek bota zuen, Kochenen geldiketa behartuz. Hamar minutu beranduago ailegatu zen kolpea talde txuribeltzarentzat. 82. minutuan, Unaiek lortu zuen Barçaren gola eta etxeko taldea aitzinetik jarri zuen. Hala ere, Real Unionek ez zuen amore eman eta hori izan zen berdinketa lortzeko gakoa. Luzapenean, 92. minutuan, San Bartolome izan zen gola sartu eta banakoa ezarri zuena behin-betiko, neurketa zail batean puntu bat lortuz, denboraldiko lehena. Honen ondotik, Real Unionek irailaren 1ean jokatuko du lehen aldiz etxean. Igandean 18:00etan, Stadium Galen, jasoko dute txuribeltzek Celta Fortuna.

Osorik irakurri