Gorka Nietok berriz, ezker sorbaldako luxazio bat du, larunbateko partiduan jasotako kolpe baten ondoriozBidasoa Irunek aurredenboraldiko lagunartekoen ondorio negatiboak jaso ditu aste honetan, Alberto Diaz eta Gorka Nieto jokalariek izandako lesioak direla eta. Diazek lotailu gurutzatuan haustura du eta ebakuntza egin beharko diote heldu den astean. Nietok berriz, luxazioa du ezkerreko sorbaldan eta tratamendu kontserbadorea segituko du. Alberto Diazek belauna bihurritu zuen pasa den ortziralean, Egiako Nazioarteko Txapelketako Anaitasunaren kontrako finalaurrekoan. Azterketa fisikoak eta proba osagarriak egin ondotik, aurreko lotailu gurutzatuaren haustura baieztatu da eta hori dela eta, ebakuntza egin beharko diote heldu den astean, zenbait hilabete geldirik egotera behartuz. Gorka Nietok berriz, ezker sorbaldako luxazio bat du, Logroñoren kontrako Egiako Txapelketako finalean kolpe bat jaso ondotik. Diagnosi probak eginda, eta hainbat aditukin egon ondoren, tratamendu kontserbadorea aukeratu du lesiotik osatzeko. Eboluzioak zehaztuko ditu jarduerara bueltatzeko epeak.(Argazkia: Edwin Van't Hek)
Osorik irakurri