MIKEL LLORENTE: “FISIKOKI ETA MENTALKI TALDEA ONGI IRITSI DA LIGAREN HASIERARA”

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko abu. 23a, 11:41

Real Unionek igande honetan, abuztuaren 25ean, emanen dio hasiera Ligari Barça Atlètic taldearen kontrako neurketarekinReal Unionek 2024/25 denboraldiko lehen jardunaldia jokatuko du asteburu honetan. Kanpoan ariko da oraingo honetan, Johan Cruyff zelaian, Barça Atlètic taldearen kontra. Neurketa igandean ospatuko da, abuztuaren 25ean, 20:00etan. Arerio zaila izanen bada ere, talde txuribeltza prest dagoela baieztatu du Mikel Llorente entrenatzailea. “Gaur justun sei aste lanean hasi ginela” gogorarazi du Mikel Llorente Real Uniongo entrenatzaileak, 2024/25 denboraldiko lehen jardunaldiko atariko prentsaurrekoan. “Lehen bi asteetan energiarekin etortzen gara lanera, baina hirugarren edo laugarrenean lehiatzeko gogoa hasten da”, gaineratu du. Horregatik beragatik, Ligako hasierara taldea prest eta gogotsu ailegatu da, nahiz eta jokalari bat guttiagorekin jokatuko duen lehen jardunaldia: “Lehenengo egunean jarri genuen helburuetako bat denak momentu honetara iristea izan zen. Zoritxarrez Ivan (Ayllon) ez dago, baina bertze guztiak bai, beraz hein handi batean lortu dugu lehen helburua”. Barça Atlètic izanen da Real Unionen lehen aurkaria. “Maila altua” duen arerioa izanen da, Llorenteren erranetan: “Erritmo aldetik eta tekniko-taktiko aldetik, oso aberatsak dira. Arerio gogorra dugu, testuinguru zail batean”. Hala ere, taldea prest dagoela baieztatu du prestatzaileak eta berak ere sentsazio positiboak dituela honen aitzinean: “Taldea prest iristen denaren sentsazioa dut”. Ligako astea “desberdina” izaten dela ere onartu du, baina hobeto lan egin dutela “aurreko asteetako karga altu horiek kontrolatuta”. “Jendea hobeto dago eta fisikoki eta mentalki taldea ongi iristen da”, ziurtatu du Mikel Llorentek.

Osorik irakurri