Pasa den astelehenean ospatu zuten lehen entrenamendua eta 2024/25 denboraldiari begira, gogoz dago taldea bere onena ematekoBidasoa Irunek 2024/25 denboraldirako prestaketak hasi zituen pasa den astelehenean, uztailaren 29an. Lehen entrenamendua ospatu zuten orduan Artalekun eta Gurutz Aginagalde presidenteak eta Alex Mozas entrenatzaileak aipatu zutenez, taldea “ilusioz eta gogoz” dago ikasturteari hasiera emateko. Taldekide batzuen faltan hasi zuten pasa den astelehenean Bidasoako jokalari eta teknikariek aurredenboraldia. Leo Maciel izan ezik (Parisen dago Joku Olinpikoetan), eta David Failde eta Alex Raix jubenilak kenduta, bidasotarrek entrenatzaile madrildarraren eta bere talde teknikoaren aroari ekin diote. Alex Mozasek berak aldaketa “ilusioz” hartu duela erran zuen eta hori bera dela ere jokalariek erakutsi diotena lehen lan saioan. 2024/25 denboraldiari begira, “tituluak lortzea eta Barçari aitzin egitea” izanen dira erronka nagusiak. “Finaletan egon behar gara eta ezin diogu lehiaketa bakar bati uko egin”, gaineratu zuen. Pasa den ikasturtekoa gainditzea zaila izanen dela argi du entrenatzaile berriak, baina “borrokatuko dutela” jakinarazi du, “talde ona dugulako eta oso pozik nagoelako plantillarekin”. Gurutz Aginagalde CD Bidasoako presidentea ere “ilusioz” agertu zen prentsaren aitzinean: “Denboraldi berria eta ilusio berriak. Gogoz gaude dena hasteko eta ilusioz dena ongi joan dadin. Lehiaketa politak eta erakagargarriak ditugu aitzinetik, Europa, Asobal Kopa edota Errege Kopa”. Hala ere, denetatik garrantzitsuena Plenitude ASOBAL Liga izanen da, “horrek Europarako bidea irekitzen” baitu eta bertan zentratuta egotea lehenetsiko du Aginagaldek.Hain zuzen ere, abuztuko entrenamendu eta lagunartekoen ondotik, irailean emanen diote hasiera Plenitude ASOBAL Ligari. Datak zehaztu gabe badaude oraindik, Bidasoak dagoeneko ezagutzen du hitzorduen zerrenda eta lehen arerioa Aranda izanen du, euren etxean. Artalekun jokatuko den lehen partidua berriz, pasa den ikasturtean bezala, Barçaren kontrakoa izanen da.
Osorik irakurri