MIKEL LLORENTE: “OSASUNAREN AREAKO JOKO HORI KONTROLATUZ GERO, AUKERAK IZANEN DITUGU GARAIPENA ESKURATZEKO”

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko ira. 6a, 12:07

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar (17:30) Taxoaren denboraldiko hirugarren jardunaldia jokatzekoReal Unionek astea gogoz hasi zuen, pasa den igandeko Celtaren kontrako garaipenaren ondotik. Energiaz beteak beraz, Osasuna Promesas taldearen kontrako partidua prestatu dute. Nafarren eta irundarren arteko neurketa bihar ospatuko da, irailaren 7an, Taxoaren, 17:30ean. Bertze filial bat izanen dute txuribeltzek aitzinean, baina testuinguru desberdin bat duena ere. Mikel Llorente entrenatzaileak “taldea ondo eta gogoz” dagoela aipatu du Osasuna Promesas taldearen kontrako partiduaren atarikoan. “Garaipenak energia ematen du eta taldeak kontent entrenatu du astean zehar”, gaineratu du. Horrela, biharko neurketari aitzin egiteko txuribeltzak prest daudela ere ziurtatu du prestatzaileak. Osasuna Promesas izanen du aurkari asteburu honetan Real Unionek. Bertze filial baten kontrako jokatuko du denboraldi hasiera honetan, baina oraingo hau erabat ezberdina dela ere azaldu du Llorentek: “Arerio erabat ezberdina da. Lehenengo bi aurkariak ere filialak izan dira, baina testuinguruak desberdinak ziren. Aurreko bietan jokalariak oso taktikoak ziren eta teknikoki oso aberatsak. Orain, beste testuinguru bat izanen dugu Iruñean. Filiala da baita ere, talde gaztea, baina jokatzeko era desberdina dute. Joko zuzenagoa egiten dute eta aurreko jokalariak oso boteretsuak dira”. Horrez gain, “areako egoera asko” sortzen dituztela ere azpimarratu du entrenatzaileak, eta horren aitzinean “joko zuzenetan sendo” egon beharko direla ere onartu du. Neurketa “oso exigentea” izanen dela jakinarazi du, Osasunak lehen bi jardunalditan bi garaipen lortu baititu eta bere atea ere hutsean mantentzeko gai izan baita. Hala ere, “areako egoera horiek landuta”, Llorentek sentsazioa du “hor ongi egonez gero, aukerak izanen ditugula garaipena eskuratzeko”. Koldo Obietak, bere aldetik, euren jokatzeko modua zelairatu beharko dutela argitu du hiru puntuak poltsikoratzeko: “Osasunak bi partidutik bi irabazi ditu eta seguru aurkari gogorra dela. Filiala da, baina desberdina. Joko luze gehiago dute eta guk gure jokatzeko moduarekin gai izan behar gara joku horri aurre egiteko eta hiru puntuak ateratzeko”. Batez ere, “bigarren baloietara adi egon behar direla aipatu du Obietak eta euren jokoa ezarri, “jokoa gure alde jartzeko eta golik ez jasotzeko”, gaineratu du. Edonola ere, jokalari gernikarrak berretsi duen moduan, “lasaitasun gehiagorekin” entrenatu dute astean zehar, garaipenaren ondotik, eta “gogoz” daude Osasuna bisitatu eta bertze garaipen bat eskuratzeko. Mikel Llorente entrenatzailea eta Koldo Obieta jokalaria:

Osorik irakurri