Euroeskualdearen babesarekin, Hendaiako Stade Hendayais eta Doneztebeko Errekako jokalariekin teknifikazio saioak eginen dituzteBidasoa Isuria proiektua aurkeztu du gaur goizean CD Bidasoak, Euroeskualdearen babesarekin eta Stade Hendayais eta Erreka KE elkarteekin lankidetzan. Orain dela sei urte Gurutz Aginagaldek eta bere zuzendaritza taldeak Gipuzkoako harrobiarekin abiatutako bideari jarraiki, Nafarroara eta Akitania Berrira zabalduko ditu Irungo klubak harremanak, bai kirol arloan baita arlo sozialen ere. CD Bidasoak harremanak sendotuko ditu, Bidasoa Isuria proiektuaren baitan, Bidasoa ibaiaren bi aldean dauden eskubaloi klub desberdinekin. Kasu honetan, Hendaiako Stade Hendayais eta Doneztebeko Erreka klubekin adostu ditu harreman berriak, aitzinera pausu bat emanez orain dela sei urte hasitako bidean. Gurutz Aginagalde presidenteak erran duenez, “orain arte maila lokalean egindako teknifikazioak Bidasoaren bi aldeetan egingo ditugu. Hazten jarraitzeko aurrera pausu bat da. Klub eta herri desberdinak batuko ditugu eta aurrerantzean ere, Euskal Herriko best elekuetan egingo ditugu. Proiektu hau horrela hasten da, baina hazteko intentzioa dugu”. Bidasoa Isuria proiektuak Euroeskualdearen babesa jaso du eta bertako ordezkari den Marie Heguy-Urainek jakinarazi duen bezala, “uste dugu kirola dela federatzen gaituen arloa eta hemen gaudenok badakigu kirolak nola egiten duen hiritartasuna”. Etorkizunari begira, positiboki baloratu du hiru klubek sinatutako hitzarmena: “Hiru klubek erakutsiko digute proiektu honen bidez nola hobetzen duten lankidetzan”. Hemendik aitzinera, Stade Hendayais eta Errekako jokalariek, Bidasoakoekin batera, teknifikazio saio batzuetan parte hartuko dute, horietako lehena gaur izanen delarik. Hain zuzen Hendaiain elkartuko dira hiru klubetako jokalariak entrenamendu bat ospatzeko, Alex Mozas, Javier Martinez, Nacho Torrescusa, Jerome Fernandez eta Julen Aginagalderen gidaritzapean. Azken honek aipatu duenez, “elkarrekin lanean arituko gara komunitate bat sortzeko helburuarekin. Hazi nahi dugu eta klub hauei ere erraztasunak eman nahi dizkiegu garatu daitezen, beraien lan egiteko modua zein den ikasten dugun bitartean”. Azken orduetan Bidasoaren enbaxadore berria bihurtu den Jerome Fernandezek ere parte hartuko du proiektuan, ongi ezagutzen baititu Bidasoaren bi aldeetako jokatzeko ohiturak. Bordelekoa izateaz gain, ASOBAL Ligan aritu zen zortzi urtez, eta hori guztia ongi baliatuko duela uste du berak “gazteak maila gorenera ailegatu daitezen laguntzeko”. Azkenik, Stade Hendayais eta Erreka bezalako klubentzat hitzarmen hau garrantzitsua izanen dela aipatu dute bi taldeetako ordezkariek. Bi klubek ere 250 bat jokalari dituzte guztira, 14 eta 9 taldeetan banatuta hurrenez hurren. Gorka Roma Stade Hendayaiseko ordezkariak onartu du, “proiektuarekin ilusionatuta” daudela, “maila altuko lan espezifiko bat egitea baimenduko” dielako. Pablo Elizondo Errekako ordezkariak, bere partetik, proiektua “modu naturalean hartu” dutela azpimarratu du, “gu ere Bidasoa bailarakoak baikara”. Gero eta hazkunde gehiago izaten ari den kluba da Doneztebekoa eta honek “ilusioz” betetzen ditu “egunerokoan eta proiektu honetan lan egiteko”.
Osorik irakurri