Bidasoak Barça jasoko du Artalekun igandean (irailaren 22an), denboraldiko bigarren jardunaldia jokatzeko, lehena etxeanBidasoa Irunek denboraldiko etxeko lehen jardunaldia jokatuko du igande honetan, irailaren 22an, 20:00etan. Barça izanen du aurkari talde irundarrak eta Alex Mozas entrenatzaileak erran duen moduan, “ez dago aurkari eta eskenatoki hoberik, etxean debuta egiteko”. Denboraldiko etxeko ehen jardunaldia jokatuko du igande honetan, irailaren 22an, Bidasoak. Barça izanen du aurkari, “munduko talderik onena”, Mozasek gogorarazi duen moduan. Pasa den denboraldiko lehen jardunaldia oroimenean ez edukitzeko ezinezkoa da. 26ra berdindu zuten orduan eta garaipena ere eskuetan eduki zuen talde irundarrak. Edonola ere, ongi egindakoaren pisua ez duela bere gain hartuko aipatu du Alex Mozasek: “Ez dut pasa den denboraldiko pisurik nire gain hartuko. Barça bertze aurkari bat da, euren kontra aritzeak egokitu zaigu testuinguru honetan eta seguru, konfiantza osoa baitut, partidu ona egingo dugula”. Arandaren kontrako neurketaren ondotik, zapore gaziarekin gelditu zen taldea, baina horrek ere motibazioa eman die hurrengo honetan indar guztiak kantxaratzeko. Mozasek aipatu du “ongi lan egin” dutela astean zehar eta “gogoz” daudela irabazteko eta “Barçaren kontra amorru hori guztia ateratzeko”. Entrenatzaileak onartu du kosziente direla “munduko talderik onena” izanen dutela aitzinean, baina seguru dago “lehiakor ere arituko” direla etxekoak. Helburua horixe baita, “neurketa ona egiten, joko ona kantxaratzea eta aurredenboraldian prestatutako guzira ahalik eta gehien hurbiltzea”. Mozasek gaineratu duenez, “gero neurketak bertze lekuetara eramengo gaitu agian, baina bukaerara aukerekin ailegatu nahi dugu, nahi genuena egin ondotik”. Gakoa “erregularrak izatea” izango da, “neurketa ez haustea eta bukaerara aukerekin ailegatzea”, aipatu du madrildarrak. Horrez gain, “erasoan landuagoak egotea eta defentsan detaileei erreparatzea” izanen da garrantzitsua, batez ere kataluniarrak bidasotarren areara ez hurbiltzeko saiakeran. Bertze urte batez ikuskizun ederraz gozatzeko aukera izanen dute Bidasoako zaleek, denboraldi hasieran. Alex Mozasentzat ere ideala da igandeko partidua: “Barçaren kontra etxean debuta egitea ideala da, izan genezakeen aurkaririk eta eskenatokirik hoberena. Seguru nago ongi egin dezakegula”. Partiduaren atariko ekitaldiakBidasoa eta Barçaren arteko partiduaren aitzinetik, txikienek San Juan plazan izango dute protagonismoa. Arratsaldeko 17:30etatik 18:00etara CD Bidasoako maskota berria, Ludo, eta Rayo, Liga Plenitudekoa, musikaz eta dantzaz girotutako photocall batean egonen baitira gazteekin. Gainera, trizikloa eta zankoak ikusteko aukera izango da. Euria egitea gero, jarduerak Irungo Udaletxeko arkupetan eginen dira. 18:00etan kalejira musikala eginen da Artalekuraino, San Juan plaza, kale Nagusia, Foru kalea, berriro kale Nagusia eta Artaleku kalea zeharkatuz pabiloira iritsi arte. 18:30etik aitzineko, Errealeko maskota, Txurdin, Artalekuko sarreran egonen da pabiloia irekitzen, bertze bi maskotekin batera. Ordu horretatik aitzinera, taberna eta Vibra espazio berria irekiko dira eta 19:00etan, harmailetara sartzeko ateak irekiko dira. Partida hasi aitzinetik, gainera, ASOBALek Álex Mozas (Munduko txapelduna junior mailako Espainiako selekzioarekin) eta Nacho Torrescusa (domina olinpikoa Espainiako selekzioarekin) omenduko ditu. Gainera, CD Bidasoak Gorka Nieto eta Julen Mujika ere aitortuko ditu, Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa Unibertsitarioko txapeldun izateagatik, eta baita Jorge Martínez atezainen entrenatzailea, Munduko Txapelketan junior mailako selekzioko talde teknikoan parte hartzeagatik.
Osorik irakurri