Talde horiak, 30-36 galdu bazuen ere, sentsazio onak izan zituen Artalekun jokatutako denboraldiko lehen partiduanBidasoa Irunek etxeko denboraldiko lehen partidua jokatu zuen atzo, igandea, Barçaren kontra. Sarrera guztiak agortuta, giro ederrak eta ikuskizun bikaina bizi izan zuten zaleek Artalekuko lehen neurketan. Emaitza izan zen eguneko puntu negatiboa, 30-36 galdu baitzuen talde horiak. Hala ere, maila eman zuten, lehiakorrak izan ziren munduko talde onenaren kontra eta sentsazio onak izan zituzten ia 60 minutuetan zehar. Berdintasuna izan zen nagusi Bidasoaren eta Barçaren artean, azken minuetara ailegatu arte. Bidasoak ez zuen norabiderik galdu eta bere jokoa ezartzeko gai izan zen, Barçari begirada kendu gabe. Lehen zatian, hasierako berdinketen ostean, Barçak lortu zuen bere aldeko tartea irekitzea. Hiru goleko hasierako errenta, bortzera eraman zuten kataluniarren 18. minutuan (9-14). Edonola ere, 5-1eko partzialarekin, Bidasoa berriz ere partiduan sartu zen, zaleen bultzadaz lagunduta (14-15, 25. minutuan). Aldageletara aldiz, hiru goleko aldearekin joan ziren bi taldeak, 15-18ko emaitzarekin. Bigarren zatian, aldea nabarmenagoa izan zen bi taldeen artean. Lehen minutuetan Bidasoak errenta murriztu ahal izan bazuen ere, bisitariak partidua hausteko gai izan ziren, etxekoen nekea aprobetxatuz, baita izan zituzten akats bakan batzuk ere. Azkenik, 30-36ko behin-betiko emaitzarekin bukatu zen neurketa, ia 60 minutuetan zehar izan zen berdintasuna islatu gabe. Edukitako sentsazio onak eta erakutsitako lehiakortasuna eta jokoa izanen dute orain kontuan jokalari eta teknikariek, heldu den asteburuan, berriz ere Artalekun, jokatuko duten neurketari begira. Bada Huesca jasoko dute larunbatean, irailaren 28an, 19:30ean. Berez, neurketa hau kanpoan jokatu beharko dute, baina Aragoiko pabiloian egiten ari diren obren ondorioz, aldaketa hau onartu dute bi taldeek. Asier Nieto jokalaria: (Argazkia: Arrate Morales)
Osorik irakurri