REAL UNIONEK GALDU GABE SEGITZEN DU DENBORALDI HASIERA HONETAN

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko ira. 30a, 16:12

Talde txuribeltzak 2-1 garaitu zuen Sestao River Club, pasa den larunbatean etxeanReal Unionek bertze garaipen bat eskuratu zuen pasa den larunbatean, Sestaori 2-1 irabazita. Lehen zatian bere nagusitasuna erakutsi zuen talde txuribeltzak, eta bigarrenean gehiago kosta bazitzaien ere, jardunaldiko hiru puntuak osorik poltsikoratzeko gai izan ziren. Partidua hasi eta berehala jarri zuen bere alde markagailua Real Unionek. Hamahirugarren minutuan, Dani Garridok sartu zuen gola eta 1-0ekoa ezarri zuen. Hortik aitzinera, neurketa gidatzen segitu zuen talde txuribeltzak, nahiz eta ezin izan zuen bertze golik sartu. Alberto Cayarga saiatu zen, baina ezin izan zuen eskuinetik egindako erdiraketa errematatu. Horrez gain, James Wrightek geldiketa bat egin zuen, Bustilloren jaurtiketa kornerrera bidaliz. Atsedenaldiaren ondotik, Sestao bertze jarrera batekin zelairatu zen eta arriskuko jokaldiak egin zituen. Hala ere, Real Union izan zen markagailuko tartea ireki zuena. Epaileak penaltia erabaki zuen, Sergio Benitoren erremate baten ondotik. Atzelari batek eskuarekin atera zuen baloia lerro azpian eta Quique Riverok 2-0ekoa eskuratu zuen. Edonola ere, aurkaria pixka bat hurbildu zen emaitzan, Leandro Martinezek penalti baten bidez sartutako gol batekin. Hala ere, ez zen nahikoa izan puntuak banatzeko eta Real Unionentzat izan zen garaipena. Heldu den jardunaldia, asteazkenean jokatuko dute, urriaren 2an. Bertan behera gelditu zen Tarazonaren kontrako neurketa izanen da, 19:30ean.

Osorik irakurri