Real Unionek bihar (urriaren 2an) jokatuko du orain dela bi asteburu bertan behera gelditu zen Tarazonaren kontrako partiduaReal Unionek bihar, urriaren 2an, izanen du hurrengo hitzordua. Tarazonaren kontrako denboraldiko bostgarren jardunaldia bertan behera gelditu zen, orain dela bi asteburu, euriteen ondorioz zelaiak pairatzen zuen baldintza txarrengatik. Neurketa hau beraz, bihar ospatuko da, 19:30ean. Baldintza klimatologiko guztiak gaindituta, Tarazona eta Real Union aurrez aurre egonen dira bihar, 19:30ean, denboraldiko bostgarren jardunaldiari zegokion neurketa jokatzeko. “Zelaia egoera onean” dagoela azpimarratu du Mikel Llorente entrenatzaileak eta “hor inongo arazorik” ez dela egonen. Zailtasunak berriz, aurkarian egonen dira. Izan ere, orain dela bi aste aipatu bezala, “talde oso lehiakorra” da Tarazona eta “partidu gogorra” izanen dela argi du hondarribiarrak. Aragoiko taldeak “joku zuzeneko egoera” anitz zelairatuko dituela adierazi du Llorentek eta beraz, Real Union argi ibili behar dela “bigarren jokaldietan”. Horrez gain, talde txuribeltzak euren estiloa ezarri behar duela onartu du: “Maila handia dute, jokalari indartsuak eta ongi egokitzen dira egoera desberdinetara. Lehiakorrak dira eta asko exijituko gaituzte. Adi egon behar gara momentu oro”. Gaur ospatuko dute Tarazonara bidaiatu baino lehenagoko azken entrenamendua eta bertan, “egoera desberdin horiek guziak landu” dituzte, euren estiloa erakusteko asmoz.
Osorik irakurri