1,9 MILIOI EUROKO AURREKONTUA ONARTU DU CD BIDASOAK

Erabiltzailearen aurpegia Kiroletik 2024ko urr. 2a, 15:18

Aurrekontu orekatuak onartu ditu CD Bidasoako batzarrak 2023/2024 denboraldirako, 1.905.978 eurokoa. Eta bazkideek proposatuta, klubaren aurreko armarria berreskuratzea erabaki dute, eta denboraldi bukaeran Miguel Angel Zuñiga (12 dortsala), Fernando Bolea (13) eta Aitor Etxabururen (18) kamisetak erretiratzea haien lanaren aitortza gisa. Bidasoak urteko Batzar Nagusia ospatu zuen atzo Palmera Montero gunean, 118 bazkideren parte hartze aipagarriarekin. Gurutz Aginagalde presidentearen ustez, «honek adierazten du kluba bizirik dagoela eta gogotsu». Batzarrak hainbat erabaki garrantzitsu hartu zituen arlo desberdinetan. Ekonomiari dagokionez, 1.905.978 euroko aurrekontua onartu dute, eta 1.904.398,82 euroko gastuekin denboraldiko kontuak orekatuak badira ere, Zuzendaritza Batzordearen proposamena onartu zuten. Hau da, beharrezkoa izanez gero, 300.000 euroko kreditu-linea eskatu ahal izango dute. Aginagaldek oroitarazi du joan den denboraldian ere aurrekontu bat onartu egin zela, eta gero 200.000 euroko diru sarrera gehigarri lortu zituztela.CD Bidasoako presidenteak azaldu du, zentzu honetan, lehen agintaldian babesle pribatuen presentzia handiagoa lortzea proposatu zutela aurrekontua handitzeko. Eta hori bideratuta, legegintzaldi honetan Ficobako IAM pabiloi berriak markatzen duela etorkizuna, «masa soziala handitzen jarraitzeko, eta Europan jokatu ahal izateko giltzarri delako».Harrobi lanetan ere, Gipuzkoan ez ezik, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta Akitania Berrian ere beste klubekin lankidetza sustatzen ari dira. Eta klubari dagokionez, Zuzendaritza Batzordeak Omenaldien eta Aitorpenen Batzordea sortzea proposatu du. Izan ere, bazkide talde batek hiru dortsal erretiratzeko proposamena egin du batzarrean. Baita onartu egin ere. Hortaz, denboraldi amaieran Miguel Angel Zuñiga (12 dortsala), Fernando Bolea (13) eta Aitor Etxabururen (18) kamisetak erretiratuko ditu CD Bidasoak haien lanaren aitortza modura. Bestalde, batzarrean CD Bidasoaren armarria aldatzeko bozketa ere egin dute. Irudi hori hainbat euskarritan ezarri da, hala nola jokorako ekipazioan, komunikazioetan eta abarretan. Baina bertaratutako bazkideek aurreko armarrira itzultzea erabaki dute.

Osorik irakurri