Lesakako bertsolarien inguruko proiektu bat egin dute Irain Eskolako ikasleek eta Bortzirietako Bertso Eskolak elkarlanean

Paola Oscoz 2023ko aza. 14a, 16:14

Oinak Bidean bertsoaritzaren ibilbidea izena du proiektuak eta Nafarroako Hezkuntza Departamenduak emandako dirulaguntzarekin eraman da aitzinera. Irain Eskolako ikasleek, Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean, 7,5 kilometroko mendi ibilbide bat sortu dute Lesakako bertsolariekin zerikusia duten bederatzi puntu erranguratsu markatuta. Weborri bat ere sortu dute ibilbide honen inguruko informazioarekin, puntu horietako bakoitzaren deskribapenarekin eta bertsolarien biografia eta bertso-sortekin. 

Oinak Bidean bertsolaritzaren ibilbidea proiektua sortu dute Lesakako Irain Eskolako Publikoko ikasleek eta Bortzirietako Bertso Eskolak elkarlanean. Helburua herriko bertsolarien inguruko informazioa biltzen duen mendi ibilbide bat egitea izan da. 7,5 kilometroko ibilbidea osatu dute beraz, Harriondoa kultur etxean hasi eta berriz ere bertan bukatzen dena. Tartean, Lesakako bertsolariekin zerikusia duten bederatzi leku erranguratsu zeharkatzen dira, hala nola, Makukoborda, Harizpe, Linddurrenborda, Txakaingo iturria, Saski Berri (Irigoienea Berria), Mikelainea, Herriko Etxea, Arrano Elkartea (Bastagilleta) eta Abasenea. 

Irain Eskolako ikasleek leku guzti horien deskribapena idatzi dute, baita hauek bertsolariekin duten lotura ere. Horrez gain, bertsolarien biografiak osatu dituzte, baita beraien bertso-sorta batzuk landu ere. Bizirik daudenen kasuan, eurek aukeratu dituzte beraien bizitzan garrantzitsuak izan diren bertsoak. Ikasleek bertso-sortak eta doinuak landu dituzten eta grabaketa bat egin dute, ibilbidearen puntu bakoitzean aditu ahalko direnak.

Egindako lan guzti hau weborri batean txertatu dute (https://sites.google.com/educacion.navarra.es/oinak-bidean/oinak-bidean?authuser=0), eta ibilbidean zehar egonen diren seinaleetan aurki daiteke bertara sarbidea ematen duen QR kodea.

Ibilbidearen aurkezpena eta bisita gidatua

Eneko Fernandezek, Irain eskolako irakasleak, Bortzirietako Bertso Eskolako kideak, Udaleko kultur eta euskara zinegotziak eta proiektu honen sustatzaileak, adierazi duenez aste honetan zehar Lesakako Udalak seinaleak jarriko ditu ibilbidean zehar eta, hortik aitzinera, erabilgarri egonen da hau ezagutu nahi duen guztiarentzat. Horrez gain, proiektua jendartean aurkezteko hitzordu bat ere egin dute. Heldu den igandean (azaroaren 19an), Nafarroako Bertsolaritza Txapelketako azken finalaurrekoa Lesakan eginen dela aprobetxatuta, goizean (11:00) Harriondoan elkartuko dira nahi duen guztiarekin eta ibilbidea elkarrekin eginen dute. Markatutako lekuetan geldialdiak eginen dituzte eta bertsolariekin egoteko aukera ere izanen da. Gainera, sorpresaren bat egon daitekeela ere onartu du Fernandezek.