Kirol hitzorduz beterik hasiko dute urtea Lesakan

Paola Oskoz 2024ko urt. 11a, 12:45

Pilota, automobilismoa, sokatira eta mendi irteera izanen dituzte gaurtik aitzinera Lesakan. Eneko Fernandez kultur zinegotziak aipatu bezala, Gabonetako gehiegikeriei buelta emateko ezin hobeak izanen diren kirol hitzorduak izanen dituzte herrian. 

Kirol hitzorduz beterik hasiko dute urtea Lesakan, gaurtik aitzinera, zenbait kirol ekitaldi izanen baitituzte herrian. Hasteko, Arkupe elkarteak antolatutako esku binakako pilota txapelketa hasiko da gaur Lesakako udal pilotalekuan, senior A mailako zenbait partidekin. Larunbatean berriz, Automobilismo federazioak eta Ziharka Sport elkarteak antolatutako sari banaketa egonen da. Asteburu borobiltzeko azkenik, Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako jardunaldia jokatuko da pilotalekuan ere goizez. 

Hala ere, ez dute soilik kirola izanen Lesakan. Hain zuzen ere, gaur bertan argindar faktura ulertzen ikasteko tailerra izanen dute, udal pleno aretoan, 19:00etan. Udalak antolatutako ziklo baten barrenean kokatzen da lehen tailer hau, eta Goiener Kooperatibako kideek emanen dute. 

Bukatzeko, heldu den astera begira, Lesakan hain berezia den San Anton eguna ospatuko dute. Efemeridea urtarrilaren 17an bada ere, urtarrilaren 21ean ospatuko dute herritar eta ingurukoek erromeria eguna. Horretarako, biztanle aunitzek mendi irteera eginen dute herritik San Antonera. Bueltan, arratsaldean, Bide Batez taldearekin musika izanen dute Plazan.