Pascual Aldaveren omenezko kontzertua eta mendi irteera izanen dituzte asteburu honetan Lesakan

Paola Oskoz 2024ko ots. 1a, 15:43

Asteburu honen ondotik, iñauterietan murgilduko dira lesakarrak. 8tik 13ra hainbat ekitaldi desberdin izanen dituzte herrian: arrautze-arrautze, haurrentzako tailerrak, mozorroak, zakozarrak, karrozak, fraindarrak eta goitarrak, besteak beste. 

Eneko Fernandez Lesakako kultur zinegotziarekin izan gara herriko kultur agenda errepasatzen. Asteburu honetan bi hitzordu izanen dituzte eta ondotik, iñauteri giro bete-betean murgilduko dira lesakarrak sei egunez. 

Pascual Aldave musikari lesakarraren omenezko kontzertuarekin hasiko dute asteburua herrian. Otsailaren 3an, larunbatean, bere jaiotzaren 100. urteurrena ospatzeko, baita bere heriotzaren harmagarrena ere, piano kontzertu bat antolatu dute. Ziklo baten lehen hitzordua izanen da eta mundu mailan lehen aldiz eginen da emanaldia Lesakan. Iruñeko Kontserbatorioko eta Orfeoiko zuzendari eta XX. mendeko Nafarroako konpositore onenetakoa izan zen Pascual Aldave gogoan piano kontzertua emanen du Gloria de Piante Vicin pianistak 19:00etan Harriondoa kultur etxean. 

Biharamunean, otsailaren 4an, Beti Gazte elkarteak antolatutako Aizkolegira mendi irteera izanen dute. Hitzordua 7:30ean egin dute Lesakako Plaza Zaharrean eta handik, Etxalarrera joanen dira kotxez. 

Honen ondotik, otsailaren 8tik 13ra Iñauteriak ospatuko dituzte Lesakan. Arrautze-arrautze egunarekin hasi eta astearte bitarte besta giroa izanen dute herrian. Haurrei zuzenduak egonen dira lehen bi egunean. Eskean ibiliko dira ortzegunean, "arrautze-arrautze" kantari eta ortziralean, tailerrak izanen dituzte Plazan. Larunbatetik aitzinera berriz, mozorroak aterako dira kalera, baita zakozarrak, fraindarrak eta goitarrak ere.