Arbolaren Eguna ospatzen hasiko dute asteburua lesakarrek. Beti Gazte elkarteak urtero antolatzen duen hitzordua izaten da eta bi jardunalditan egiten dute. Lehena beraz, larunbat honetan izanen da, otsailaren 24an. Eremua garbitu, piketeak sartu eta zerrakura eginen dute orduan. Honen ondotik, herriko hezkuntza zentroetako ikasleekin arbolak landatuko dituzte heldu den ortzegunean, otsailaren 29an.
Honez gain, larunbat goizean ere hilabeteroko hitzordua izanen dute Lesakan, bertako ekoizlez osatutako Merkatu Ttikia. Igandean berriz, Geuretik Sortuak egitasmoan sortutako "Eukalyptus" antzerkia izanen dute Harriondoa Kultur Etxean, 18:00etan.
Heldu den asteburuari begira ere jarri da Eneko Fernandez eta martxoaren 2an Arkupeko I. eskuz binakako pilota partiduen finalak izanen dituztela aipatu du. Lesakako frontoian ospatuko dira, lehen aldiz, maila guztietako azken partidak, goizeko 9:00etan hasita.