Lesakako kultur agenda betea dator udaberri honetan. Eneko Fernandez Lesakako kultur zinegotziak adierazi duenez, "hemendik San Ferminetara bitarte" herritarrek zer egin eta zer ikusi izanen dute astebururo.
Larunbat honetan, apirilaren 20an, Tantirudantza taldeko helduek urteroko dantza emanaldia eskainiko dute Plaza Zaharrean, 18:30ean. Ondotik, taldeko kide ohiekin eta nahi duten dantzari guztiekin dantza poteoa eginen dute herritik. Honez gain, igandean (apirilaren 21ean), LAB sindikatuaren 50. urteurrenaren harira sortutako dokumentala emanen dute Harriondoan, 11:00etan, eta San Fermin erretiratuen elkarteak ere kantu bazkaria antolatu du bere elkartean.
Heldu den astean zehar eta asteburuan ere, egitarauak segida izanen du. Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte liburutegian. Azkenik, asteburuan, Haurraren Eguna, dantza emanaldia, organo eta tronpeta kontzertua eta Lesakako Zerbitzuen Elkartearen Eguna ospatuko dituzte.