Heldu den maiatzaren 18an UEMA eguna ospatuko da Lesakan. “Zubiak zeharka” lemapean, egun osoko egitaraua prestatu dute udalerri euskaldun guztien eguna ospatzeko. Atzo egin zuten programaren aurkezpena Lesakako udaletxeko pleno aretoan eta bertan izan zen, Martin Aramendi UEMAko Lehendakaria. Berak nabarmendu zuenez, UEMA eguna Euskal Herri osoko udalerri euskaldunen eguna izatea nahi dute. Oroitarazi zuen, “Euskal Herriko 175 udalerri direla euskaldunak, herrialdeko %70a”, hain zuzen ere. Horietatik 107 dira momentu honetan, UEMAko kide, baina maiatzaren 18an 111 izanen direla ere azpimarratu nahi izan zuen, azken astean, Zegama, Lakuntza, Bakaiku eta Ituren gehitu baitira zerrendara.
Lesakako udaletxeko ordezkariak ere bertan izan ziren, zehazki Eneko Fernandez kultura eta euskara zinegotzia. Berak aipatu zuen “harro" daudela UEMA eguna euren herrian ospatuko delako eta horren harira, azpimarratu zuen programa egiterako orduan kontuan hartu dutela herritarren partehartzea, UEMA eguna horrela izatea nahi dutelako, “ekimen herrikoia eta partehartzailea”.
Programa betea prestatu dute UEMA egunerako eta Aitor Irazoki Bor Bor Bortzirietako Euskalzaleen Mugimenduko kideak xehatu zuen:
09:45ean diana, soinulari eta txistulariekin, Harriondoa kultur etxetik abiatuta.
10:00etan UEMAren Batzar Nagusia eta Euskara Taldeen topaketa, ‘Euskararen olatu berria sortzeko gakoak’. Haurrentzako herri kirolak.
12:30ean ekitaldia plazan.
13:15ean fanfarrea, Lesakako Musika Eskolako ikasleekin.
14:30ean bazkaria, Bidenabar taldeak girotuta.
18:00etan bertso-triki-poteoa, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin.
20:00etan larrain dantza herrikoia, Lesakako gaiteroekin.
20:45ean erromeria, Trikidantz taldearekin.
23:30ean DJ festa Fifi & Fefarekin.
Bazkarirako txartelak aldez aitzinetik eskuratu beharko dira, maiatzaren 14a baino lehen. Lesakan (Arrano ostatuan, Izarra okindegian eta Udaletxean), Beran (Errekalden) eta Elizondo (Txokoton) izanen dira salgai. Horrez gain, UEMAK galdetegi bat prestatu du, txartelen erreserba egiteko: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSfXqS1iCJSfQvcAqKPokeTcZEZVYsJ9PQcJobsGQe_mVWuL8A/viewform?pli=1.
Azkenik, bideo eta kantu bat ere prestatu dute UEMA eguna iragartzeko eta aurtengo edizioko ereserkia izateko. “Solasa Izan” izenburupean, Itziar Telletxea herriko abeslariak sortu du kantua. Letran Ekhiñe Zapiainek lagundu dio eta musitan berriz, Arrano Band taldeak. Bideoa Mikel Leiza herriko gazteak ekoitzi du. Herriko eragileek elkarlanean egin dute hau ere eta Telletxeak azpimarratu zuen moduan, “euskara komunikazioa tresna bat baino gehiago dela” erran nahi izan dute kantuarekin, “gure izatea osoa dela”, hain zuzen ere.
Maiatzaren 18an beraz, UEMA eguna ospatuko da Lesakan eta egitarau betearekin, euskaldun guztiak gonbidatu nahi izan dituzte herrira ospakizunetan parte hartzera.