UEMA eguna ospatuko dute Lesakan aurten, maiatzaren 18an. Egitarau betea eta egun osokoa antolatu dute horretarako, herriko eragile guztien laguntzarekin. Tartean, UEMAk bere batzar nagusia ospatuko du eta ondotik, euskara taldeek hausnarketarako parada izanen dute Harriondoan eginen duten topaketa batean. Horrez gain, ekitaldia, bazkaria, bertso-triki-poteoa eta kontzertuak izanen dituzte arratsera bitarte herrian.
Udalerri Euskaldunen Eguna asteburuko ekitaldi nagusia izanen bada ere, abesbatzen topaketa ere izanen da Bortzirietako herrian igandean, maiatzaren 19an. Egunean berean, arratsaldean, Fermin Muguruzak ekoitzitako `Bidasoa 2018-2023´ dokumentala proiektatuko dute Harriondoan.