Asteburu betea izanen dute lesakarrek bertze behin. Eneko Fernandez kultur zinegotziak zerrendatu dizkigu ekitaldi guztiak eta adin guztietarako eta gustu guztietarako egitaraua prest dute.
Sanferminetara begira jarri dira dagoeneko lesakarrak, eta liburutegian kartel lehiaketara aurkeztu diren lanen erakusketa izan dute aste osoan zehar. Lesakan erroldatuta daudenek aukera izan dute gustukoenaren alde bozka emateko, eta gaur horretarako azken aukera ere izanen dute.
Horrez gain, best giroan murgildua egonen da herrian bihar, maiatzaren 25ean. Gazte Eguna ospatuko dute, Buruztanka gaztetxeak antolatua, eta egun osoko egitaraua izanen dute: gosaria, hitzaldia, bazkaria, jokoak eta musika. Gazte Egunean parte hartzeko adinik ez dutela uste dutenek ere aspertzeko tarterik ez dute izanen. Hilabeteroko Merkatu Ttikia izanen baita bihar Lesakan, baita "Fuera de mi casa" antzezlana (19:00etan Harriondoan) eta Legazpiko Santikutz abesbatzaren kontzertua ere (20:30ean Komentuan). Igandean ere Roques Organoaren Lagunak elkarteak antolatutako organo eta saxo kontzertua izanen da, 18:30ean elizan.
Astelehenean egitarauarekin segituko dute eta San Fermin Jubilatuen elkarteak antolatuko sukaldaritza tailerrari hasiera emanen diote. Belen Urrutia Elbeteko Posadako sukaldariaren eskutik izanen da eta hiru astelehenez izanen dira ikusten. Oraindik ere izena emateko epea irekia dago, maiatzaren 25era arte.
Azkenik, maiatzaren 30ean, 18:00etan Harriondoan, Iban Garro herritarrak "Larrosa bat Groenlandian" bere poesia liburua aurkeztuko du, Olatz Rojo herrikide eta musikariarekin batera, errezitaldi musikatu batean.