2025eko Bertso Eguna Nafarroan ospatu behar zela argi zuen Bertsozale Elkarteak eta Bortzirietako Bertso Eskolari luzatu zion Lesakan egiteko proposamena. Azken hauek arduraz, baina gustoz, hartu zuten ekitaldia antolatzeko lana eta horrela, herrian izan duten bertsolaritzari lotutako abendu betea borobiltzeko aukera izanen dute heldu den urtarrilaren 25ean.
Euskal Herri osoko bertsozaleak Lesakara hurbiltzea espero dute, Josu Sanjurjo Bortzirietako Bertso Eskolako kideak azaldu duenez, eta horregatik beragatik, egun osoko egitaraua prest dute bertaratzen direnek ekitaldi desberdinez goza dezaten. Goizean hasiko dute eguna, 10:00etan, Oinak Bidean ibilbidea eginez, Eneko Fernandezen laguntzarekin. Ondotik, bertso-poteoa eginen dute eguerdian etxeko bertsolariek, bertze herrietako bertso eskoletako kide batzuekin batera. Sanjurjok jakinarazi duenez, "momentuz Gernikako eta Aramaioko bertso eskoletako kide batzuk etorriko dira".
Eguerdian, luntx ttiki bat eginen dute Arranon. Sanjurjok aipatu du ez zutela eguerdian jendea mahaiaren bueltan luzez gelditzea nahi eta horregatik, luntxa egitearen ideia. Arrano ostatua aukeratu dute horretarako, "leku horrek bertsolaritzaren bueltan herrian egin duen lanari aitortza egiteko".
Arratsaldeko 17:00etan berriz, eguneko bertso saio nagusia hasiko da, Harriondoa kultur etxean. XXI mende 25 (H)ilbeltz deitu diote ekitaldiari eta Euskal Herriko probintzia guztietako bertsolariak iganen dira oholtza gainera: Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Nerea Ibarzabal Salegi, Julio Soto Ezkurdia, Peru Abarrategi Sarrionaindia eta Maddi Ane Txoperena Iribarren. Gai-jartzaile lanetan berriz, Alaitz Rekondo Ferrero ariko da. Bertso saioaren izenburua ez da ausazkoa. Sanjurjok adierazi duenez, Lesakari egin nahi izan zaio keinua: "XXI. mendeak 25 urte ditu eta urtarrilaren 25ean ospatuko da Bertso Eguna, ilbeltzaren 25ean Lesakan erraten den bezala. Horrela, herri ttikiek 2025ean duten papera, bertsolaritzak ere izanen duen papera hartu nahi izan da kontuan. Atzera eta aitzinera begiratzeko momentua dela pentsatu dugu eta hori izanen da saioaren haria".
Bukatzeko, afaria ere izanen da Linddurenborda sagardotegian, 20:30ean, bertsolaritzaren bertze leku garrantzitsu bat herrian. "Kupelek bertsolarien izenak dituzte eta bertsolaritzarekin lotura handia duen lekua da", Josu Sanjurjok onartu duen moduan. Afarirako txartelak, nahiz bertso saiorako sarrerak, www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri. Azkenik, eguna borobiltzeko, Arranon DJ bat izanen da musikaz arratsa girotzen.
Josu Sanjurjok bertsozale guziei luzatu die gonbita, Lesakara hurbiltzeko eta nahi duten ekitaldietan parte hartzera. "Egun polita" izanen dela argi du lesakarrak eta "urduri" badaude ere gogoz espero dute urtarrilaren 25a.