Maddi Ane Txoperenaren "Ez erran inori" eleberriaren aurkezpen musikatua eginen dute Donapaleun

Ekhiñe Zapiain 2025ko urt. 16a, 11:09

Donapaleutik ihes egiten du Lidek Ez erran inori eleberrian, baina larunbat honetan badirudi bertara itzuliko dela Aldaka Gaztetxeak deituta. Ohiko liburu aurkezpen bat baino, ikuskizun bat prestatu dute Maddi Ane Txoperenaren eleberria aurkezteko. Plazer duenak hilaren 18an ikusi ahal izanen du Touzaa etxean, arratsaldeko 18:00etan.

Liburu bat baino, urtez-urte betetzen joan den motxila baten gisa definitzen du Maddi Ane Txoperena Iribarren lesakarrak Ez erran inori, bere bigarren nobela. Laguntzarekin aiseago arintzen da zama, eta Iratxe Muxika, Ekhiñe Zapiain eta Itziar Telletxea Pitxi hartu ditu lagun bigarrenez jendaurrean motxila uretara jaurtitzeko. Idazleak berak azaldu digu 2023ko maiatzean Lesakako Arranon egin zutela lehendabizikoz elkarrekin, liburuaren aurkezpen soil edo arrunta egitea baino «bereziagoa egitea polita izanen zela» deliberatuta.

Eleberriak Lideren istorioa kontatzen digu, haurra zela Donapaleuko etxean bertan sexu abusu bat jasan zuenaren istorioa, hain zuzen. Lidek memoriaren zoko batean erdi baztertuta utzi zuen gertakaria, baina Piztiak ez dio bakerik emanen. Bere barne-zurrunbiloan murgiltzeko aukera emanen digu liburuak, eta Donapaleutik Baionara ihes egin zuen arren, larunbat honetan Donapaleun izanen du hitzordua berriz ere. 

Aldaka Gaztetxetik jaso zuen bertan aurkezpena egiteko proposamena Txoperenak, eta Arranon egindakoaren gisako zerbait egitea adostu zuten. Hala ere, aitortu digu larunbat honetakoa ezberdina izanen dela: «ez dugu berdina eginen, testu aukeraketa aldatu dugu, ordena ere, kantak ere bai… burua hautsi dugu bertze emanaldi bat egiteko». Touzaa etxean izanen da hitzordua, arratsaldeko 18:00etan.

Etxera itzulera bat

Idazten hasi zenean bertzerik gabe egin zuen liburuaren kokapenaren aukeraketa Txoperenak; Donapaleu ia zoriz iritsi zen, bere bizitokitik urrun gertatuko zen istorio bat izatea nahi zuelako. Alabaina, horrek ondotik lanketa oso bat egitera bultzatu zuen: «erreferentziak hartzeko pare bat aldiz izan nintzen bertan, eta hizkuntzaren aldetik ere, saiatu naiz baxefartarrez idazten, horrek beldur pixka bat eman arren». Orain artean ez du bertan aurkezteko paradarik izan, nahiz eta han-hemenka aritu den bertako jendearekin solasean.

Larunbatean hartuko du beraz Lidek etxerako bidea. Kantu, errezitaldi eta mimo artean eginen dio artista taldeak ongi-etorria. Emanaldian bertan solastatzeko aukera handirik izanen ez den arren, ondotik antolatzaileek jan eta edatekoa jarriko dute eta bertan «nahi duen oro» gonbidatzen du idazleak iruzkinak egitera. Liburuak berak tabua den haurtzarako sexu abusuen gaia lantzea zuen helburu, eta «horretarako mementu polita» dela uste du Txoperenak.