Neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera elkartzen diren une horretan bertan egun seinalatuak ospatzen dira Euskal Herrian: inauteriak. Lesakan ere azken egunotan hasia da otsailaren 27tik martxoaren 4a ospatuko diren inauterien usaina sumatzen. Egun bereziak izaten dira inauterienak, eta Lesakan bertan protagonista izaten diren pertsonaietako batzuk ezagutzen ahalegindu gara.
Ortzegunean arroltze-arroltze ospatzen dute herriko gaztetxoenek (herrian barna egiten den eskea) eta larunbatean ikusten dira kalean barrena lehendabiziko mozorroak. Azken urteetan bazkal tenoretik murgiltzen dira koadrilak besta giroan larunbatean. Hala ere, igande egunarekin ezagutuko ditugu Lesakako inauterietako pertsonai nagusiak: Zakuzar eta mairuak.
Izenak iragarri diezagukeen gisan, mairuen laguntzaz zakuak belarrez beteta sortzen den pertsonaia da Zakuzarra. Pixontzia eskuan, jendea zirikatzea izaten du helburu, eta Lesakako Bandaren laguntzaz herrian barna ibilbide bat egiten dute horretarako. Ohitura hau baina, ez da beti inauteriei lotutako ohitura bat izan. Egoitz Telletxea lesakarrak azaldu zigun iaz «inauterietan nahiko berria» dela Zakuzarraren pertsonaia: «Garizumako pertsonaia da berez. Errepublika garaira arte garizumako lau edo bortz igandeetan prozesio gisako bat egiten zuten Zakuzarrek herrian, isiltasunean. Anonimoak izaten ziren. Nik usain penitentziarioa hartzen diot ohiturari».
Hala, urte batzuk desagertuta egon ostean, gazte koadrila baten borondatez berreskuratu zuten Zakuzarren ohitura, orain bai, inauterietako igandean ibilaldi musikatu bat eginez. Azken urteetan zakuak belar idorrez bete eta aurpegia estaliarekin zirikatzaile ibili denetako bat da Lide Igoa. Igande egunez, denek elkarrekin bazkaldu ondotik arratsaldean hasten dira mairuen laguntzaz zakuak belar idorrez betetzen, eta ilunabarrerako lerroan jartzen dira Bandaren doinuan ibilaldiari ekiteko. «Helburua jendea zirikatzea izaten da. Batzuetan belarrez beteta zaudenez zaila izaten da, eta uste duzu nekatuko zarela, ez duzula bukatuko… baina mementuko gogoekin errez eta gustura egiten da», azaldu digu.
Hain zuzen, ibilbidean zehar egiten dituzten geldialdiek aukera ematen diete arnasa hartu eta zintzurra bustitzeko zakuzarrei. Bidean zehar dantzatu eta eskuan daramatzaten pizontziekin jendeari astindu batzuk eman ostean, mairuen eta herritarren laguntzaz herriko plazan hustutzen dira zakuzarrak.
Txapel berdeak eta gorriak, baserrietan dantzan
Inauteriek xarma berezia dute, eta haien oihartzuna herriko azken zirrikituraino heltzen da. Baserri-auzo ugari ditu Lesakak, eta egun, bi talde eder arduratzen dira bertako baserritarrak dantza eta besta giroan murgiltzeaz. Frain auzoan barna (eta ez bertan bakarrik) ibiltzen dira fraindarrak, erraterako. Ane Telletxeak azaldu digu inauterietako astelehen goizean ekiten diotela baserrietako eskeari fraindarrek: «Musikarekin joaten gara eta horrek badu bere xarma. Gainera, dantzatu behar izaten dugu, badaudelako fraindar batzuk erratzak eskuan dituztenak, eta musikak iraun bitartean gelditu egiten bara jo egiten gaituzte».
Girorik beraz ez dute falta izanen Frain auzoan astelehenean. Galtza zuriak, alkandora beltza, painulua eta txapela berdea soinean jantzi eta baserritarrei besta giroan bisita egitea izaten da fraindarren helburua. Gainera, astelehenean nahikoa izaten ez duenak asteartean ere izaten du aukera. Bertze auzo batean izaten dira, eta indarrak ere gutxiago izaten dituztenez «lasaiago» ibiltzen dira.
Nabaz, Katazpegi, Zala, Endara eta Auzoberri auzoetan aldiz, txapel gorridunak ikusten ditugu dantzan. Izan ere, goitarrek ere egiten dute haien ibilbidea inauterietako igande eta astelehenean. Hauek ere baserriz-baserri aritzen dira arroltze-arroltze eskea egiten. Xuban Larretxeak azaldu digu ez dakitela zehazki noiztik egiten den, baina «oso aitzinako ohitura» dela badakitela. Egiten dutena zer den ere xehetasunez azaldu digu: «Baserriko sartu-irtena kalejiran egiten dugu, eta arroltze-arroltze eskea egin eta eskertzeko bi fandago pieza dantzatzen ditugu, kriskitinak joz».
Soinean galtza eta alkandora zuriak izaten dituzte, zinta gorri-urdin eta kaskabiloz apainduta. Jertse gorri batekin eta txapela gorri batekin ikusiko ditugu goitarrak, garai batean baserrietako mutil gazteak izaten zirenak. «Koadrila txikitzen joan zen eta ohiturari jarraipena emateko herriko neska-mutilak sartu ziren. Horri esker eman zaio jarraipena gaur arte», erran digu Larretxeak.
Aurtengorako ere gogotsu
Inauterietan modu batean zein bertzean gozatzen aritzen diren hiru gazteek azaldu digute aurtengorako «gogotsu» daudela. Zakuzarretarako izaten den «urduritasun puntu horrekin» dago Igoa, ongi baitaki urtero izaten dela horrela, «nahiz eta gero hagitz ongi pasatzen den beti». Aurten Zakuzarrez ateratzeko asmoa du eta azken urteetako parte-hartzaile kopurua ikusita argi du «koadrila ederra» bilduko direla.
Fraindarrak ere hasiak dira prestaketa lanetan. Parte-hartzaile zerrenda prestatzen ari direla azaldu digu Telletxeak, eta bera ere «gogo anitzekin» dagoela aurtengorako. Nabarmendu du herrian egiten dena polita den arren berarentzat lehengoek baserriz-baserri egiten zutena egiteak «xarma berezia» duela.
Ildo beretik, Larretxeak aitortu digu goitarren ohiturari segitzeko «gogoz» daudela aurten ere. Poz berria ere badute, hitzaren zentzu onenean erranda, aurten taldera jende berria animatuko dela gehitu baitigu. Lehengoari eutsiz eta bermoldatuz, etorkizun oparoa dute Lesakako inauteriek.