Otsailean ireki zuen Lesakako Udalak, Emplea Fundazioarekin eta herriko hirugarren sektorearen mahaiarekin batera, azken hau dinamizatu eta sustatzeko helburua zuen proiektu batean parte hartzeko lan deialdia. Froga bat egin ondotik, Ekaitz Bertiz sunbildarra, Julia Artieda beratarra eta Izaro Iparragirre lesakarra izan ziren hautatuak eta azken bi hilabete hauetan, lanean aritu dira hiru lan ildo dituen proiektu honetan. Sentsibilizazio kanpaina bat garatu dute, Lesakako lokal hutsen diseinua egin dute eta komertzioek euren produktuak whatsapp bidez saltzeko kanal bat ere sortu dute.
Nafar Gobernuak sustatutako proiektua da Lesakan, bertze hamahiru herrietan bezala, garatu dutena. Julia Artiedak azaldu duenez, “despopulazioari aurre egiteko” helburuarekin sortu den proiektua da, “Pueblos Vivid Herriak izenekoa". “Hori lantzeko Emplea Fundazioa sortu zen, hamabi langileekin, eta hamalau udalerriekin daude orain harremanetan, tartean Lesakarekin”, gaineratu du beratarrak. Bortzirietako herrian garatzen hasteko, zakozar berdearen istorioa sortu zuten eta lan deialdi bat ireki: “Zakozar berdearen istorioa sortu zuten, non dagoen, zer den Lesakan gertatzen ari dena… Jakin-min hori piztu zuten sare sozialen bidez. Ondotik, Udaletxearen bitartez, deialdi bat egin zuten ikerketa honetan parte hartzeko. Batez ere gazteei zuzendurikoa izan zen deialdia. Froga bat egin zuten eta bertan, hiru proiektu egin behar izan genituen, gero errealitatean ere garatu behar izan ditugunak. Hor gu hiruak izan ginen hautatuak”.
Diseinuaren eta komunikazioaren arloetan arituak ziren gazteak bilatzen zituen Emplea Fundazioak eta, hain zuzen ere, aukeratuek arlo horietan garatu dute orain arte euren ibilbide profesionala. Ekaitz Bertizek zinema ikasi du, Julia Artiedak barne diseinua eta Izaro Iparragirrek diseinu grafikoa. Hiruak ere Instagram bidez zabaldutakoa ikusi zuten eta proiektu interesgarria iruditu zitzaien. Iparragirrek Artieda animatu zuen hautaketa frogan elkarrekin parte hartzeko. Bertizi, bertzalde, lagun batek erran zion bertara joateko. Hiruak ere elkar ezagutzen zuten lehenagotik eta lan talde berean egokitu zitzaien froga egitea. Gauzak honela, euren profila aproposena zela iritzita, beraiek osatutako lan taldea izan zen hautatua proiektua aitzinera eramateko.
Sentsibilizazio kanpaina, lokal hutsen diseinua eta whatsapp kanala
Hiru lan ildo proposatu zituzten Emplea Fundaziokoek eta horietan lanean aritu dira, bakoitza bere arloari hobekien egokitzen zitzaion haritik. Iparragirrek azaldu duenez, “Ekaitz izan da sentsibilizazio kanpainaren arduraduna, Juliak hartu zuen lokal hutsen diseinua egitearena eta ni izan nintzen whatsapp kanala diseinatzeko aukeratua”. Hala ere, Bertizek gogoratu du bakoitzak bere arloan lan egin badu ere, “elkarrekin norabide bera” eraman dutela. Sunbildarrak berak azaldu du zein izan den sentsibilizazio kanpainarako egin behar izan zuen lana: “Inpaktua edo kontzientzia sortzeko bideo bat egin behar genuen, komertzio hutsen edo hauen itxieraren inguruan. Normalean sentsibilizazio kanpainak itxura dokumentala hartzen dute, baina nik fikzioa ikasi dut eta interesgarria iruditzen zitzaidan, zakozarraren figurarekin jokatuz, istorio bat sortzea. Grabaketa bat egin genuen, Lesakan eta Garberan, eta azken hilabetean bideoa muntatu dugu soinuarekin eta musikarekin”.
Artiedak, bere aldetik, lokal hutsen diseinua nola egin den kontatu du: “Azkenean ezin dugu ahantzi hirugarren sektorea bultzatzeko proiektu bat dela. Gaur egun, helduak dira komertzioen jabeak eta gazteek horiei bizi bat emateko aukerak zeintzuk diren ikustea izan da helburua. Lokal hutsetara joan eta neurriak hartu genituen lehenik planoak sortzeko, eta ondotik, 3D irudi batzuekin bertako espazioa diseinatu nuen. Lokalak ikusterakoan, bertako aukerak anitzak direla erakustea zen helburua, gazteei bultzatuz lokal huts horiei aukera bat ematera. Hau egiteko galdeketa bat egin genuen herrian eta hortik atera ziren Lesakan zeuden beharrak. Laster panel batzuk ikusi ahal izanen dituzte lokal huts horietan”.
Azkenik, Iparragirrek salmentarako whatsapp kanal bat sortu zuen: “Gurekin Lesakako Komertzioen Elkarteak whatsapp kanal bat egin nahi zuen, gaur egungo gazteen erosteko ohiturei jarraituz. Gure lana kanal hau diseinatzea izan zen, orain arte ez baitzegoen herrian antzeko biderik eta horrela, bai herritarrei eta baita saltokiei ere, salmenta erraztu nahi izan genien”.
Proiektua aitzinera eramateko, hiru lan ildoetan ere, herritarren laguntza izan dute hiru gazteek eta hau ezinbertzekotzat jo du Bertiz sunbildarrak: “Sentsibilizazio kanpainan izan dugu gehien bat lesakarren laguntza. Figuranteak behar genituen, luntxa prestatzeko arduradunak, lokaletan grabatzeko aukera… Denak prest agertu dira, behar genuen guztian laguntzeko. Bideoan ere ahotsak jarri ditugu, Txoltxan eta Maite Igarzabalenak eta musika ere Lesakako Bandaren diskotik atera dugu. Lokaletan neurriak hartzeko edota whatsapp kanala irekitzeko ere gure beharretara egokitu dira guztiak eta eskertzekoa da”.
Lanak bukatuta, proiektua aurkezteko momentua
Behin proiektua bukatuta, balorazio positiboa egin dute hiru gazteek. Artieda beratarrak aipatu du “Lesakan etorkizun bat ikusten ahal dela”. Jendeak erakutsi duen prestutasunagatik, ondorioztatu daiteke, “herriari bultzada bat emateko prest daudela lesakarrak”. Hala ere, ez dakite noraino ailegatuko den beraiek hasi duten lan hau. Izan ere, hau hasiera bertzerik ez da izan. Lan taldeak bidearen lehen urratsak ezarri ditu eta orain helburua honi segida ematea izanen litzateke, Lesakan edota Baztan-Bidasoaldeko bertze edozein herritan ere. Bertizek azpimarratu bezala, “identitate lesakarra du proiektuak hemen jaio delako, baina mezua unibertsala da. Eskualdean pasatzen den zerbait da eta denentzat balio du”. Artiedak gaineratu du “garrantzitsua dela etorkizun batean proiektu hauek aurrera eramatea”.
Horretarako eta herritarrek ere azken bi hilabeteetan hiru gazte hauek egin duten lana ikus dezaten, ekainaren 5ean, proiektuaren aurkezpen publikoa eginen dute Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, 20:15ean. Iparragirrek aitortu duenez, “jendeak galdetu du non dagoen zakozar berdea eta horregatik, aurkezpen publiko bat egitea erabaki genuen”. Hiru proiektuak aurkeztuko dituzte bertan, “zakozarraren bidez denak elkartuz”. Herritar guztiei irekia egonen da saioa, baita interesa duten ondoko herrietako biztanleei ere. Helburua da saio dinamiko bat egitea, galdera eta zalantzak argitzeko eta eskualdeko herrietan hirugarren sektorearen inguruan dauden arazoen inguruan eztabaidatzeko.